Baztango musika taldeak sasoi-sasoian

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 23a, 08:00

Baztango Musikazaleen Elkarteko hainbat taldek osatzen dute Zapatillera proiektua, eskualdeko musikagintza bizirik dagoela aldarrikatzea helburu dutela. Horren erakusle dira Madame Birrots eta Kaskezur taldeak, berriki disko bana kaleratu dutenak

2021ean sortu zuten Zapatillera proiektua Baztango hainbat musikarik, behar sinple bezain oinarrizko batetik abiatuta: «musika talde baztandarrok ez dugu entseatzeko lekurik». Behar horrek elkartu zituen, eta Baztango Musikazaleen Elkartea osatzera eraman zituen. Elbeteko oinetako fabrika zaharra alokatu eta auzolanean moldatu zuten, «gure beharrei erantzuna emanen zion espazioa lortzeko».

Lau urte beranduago, «gure helburua betetzen ari garela erran dezakegu. Taldeak elkartu, musika jo, sortu eta sortutako musika hori kontzertuen bidez plazaratzeko lekua nahi genuen, eta hori guztia egiten ari gara». 

Gainera, «hasiera baten guti baginen ere, jendea proiektura elkartuz joan da eta gaur egun bagara partaide dezente. Jendeak eskertu duela uste dugu, musika egiteko leku bat eskaintzen dugu eta musikazaleak hurbiltzeko aukera ona da. Ez da erraza talde guziak zerrendatzea, taldeez gain norbanakoek ere osatzen dugulakoz Zapatillera, baina, bertzeak bertze: Bidenabar, Kaskezur, Kaos Mental, Madame Birrots, Diwess…». 

Eta doike, musika estiloak ere anitzak dira; «denetik egiten dugu. Akustikoan aritzen dira batzuk, bertzeak rock edo punk estiloetan gehiago, badira musika elektronikoa lantzen dutenak ere…».

Musikari eta musikazale

Baztango musika eta musikariak «egoera onean gaudela erraten ahal dugu, baina horrek boladaka funtzionatzen du. Momentuan bagara musikari dezente musika egiten ari garenak, nahiz eta denok ez garen publikoki jotzen edo kontzertuak ematen ari. Zapatillera aunitz erabiltzen da eta hori izan daiteke adierazle bat bertako musikaren panorama definitzeko». Hala ere, ez dute eskualde bakarrera mugatu nahi; «musika Baztandik kanpo eramatea aberasgarria da, truke moduko bat izaten da. Talde bat jotzera etortzen bada, ezagutzen gaituzte, eta ondotik beraien herrira jotzera gonbidatzen gaituzte…».

Proiektuari bulkada emateko asmoz, Zapatillera Lagun kanpaina martxan jarri zuten iaz. Finantzazioa lortzea du helburu, «eta egia erran arras ongi funtzionatu du, uste baino hobe! Jende aunitz egin da 'zapatillera lagun', eta batzuk eskaini gabe ere eskatu digute, pentsa! Arras kontent gaude emaitzarekin eta horri esker Zapatillerak martxan segitzea lortu dugu, urteko gastuei aurre egiteko oinarria lortuz».

Horrez gain, haien musika plazaratzeko 'Urtaro bat, kontzertu bat' ekimena abiatu dute. «Batetik, musikazaleak garen aldetik, zuzeneko musikaz gozatzen dugu eta hori eskaintzea da helburuetako bat. Bertzetik, musikari ere bagarenez, bertako taldeek jotzeko aukera izatea nahi dugu. Gainera, zapatillera lagun egin direnei kontzertuetara debalde joateko aukera eman nahi genien». Udazkeneko kontzertua Elbeten izan zen eta Bidenabar eta Fusible taldeak jo zuten. Negukoa, berriz, Arizkunen egin zuten eta Dama, Madame Birrots eta Kaskezur izan ziren oholtzaren gainean. Udaberriko kontzertua prestatzen ari dira, «eta aitzinerago emanen ditugu xehetasunak…».

Etorkizunera begira, «Zapatillera denbora luzez aktibo egotea espero dugu, jende gehiago sartzea bizirik mantentzeko. Adin tarte guzietako kideek osatzen dugu proiektua eta hainbat musika estilo lantzen ditugu, hortaz, edozeinendako zabalik daude ateak! Interesa duten guziak gonbidatuak daude hurbiltzera, espazioa ezagutzera eta probatzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun