Nola sortu zen taldea?
Gorramendi 10 plaza taldea desegin zelarik, Landertxo Santamaria, Ainara Ibarra eta Iturriak erabaki genuen hirurok musika propioa sortzen hastea, 2003 urte aldera. Iturriak eta Mindek Eko4 metal taldean jotzen genuen orduan, eta gitarra jotzera animatu genuen Minde. Ordutik batzuk atera eta bertze batzuk sartu dira, baina laukotea izaten segitu dugu beti.
Zein da izenaren jatorria?
Talde baten gustuko izena harrapatzea ez da erraza izaten, baina pila bat baztertu ondotik, hori zen itsusia iruditzen ez zitzaigun bakarra.
Nola aldatu dira taldekideak denborarekin?
Landertxo bateria jotzaileak lehen maketa grabatu zuen gurekin, baina, tamalez, auto istripu bat dela eta utzi gintuen. Ainarak, baxu jotzaileak, maketa eta hiru disko grabatu ondotik taldearekin ez segitzea erabaki zuen. Landertxoren partez Luismi Garcia, Phillipe Santamaria eta azkenik gaur egun Mikel Sanchez ari da bateria jotzen. Ainararen partez, berriz, Imanol Zubieta sartu zen, gaur arte baxua jotzen.
Hala ere, formatuak berdina izaten segitzen du...
Bai, betiko formatu klasikoa da; bi gitarra, baxua eta bateria. Pixka bat kanonetik ateratzen dena bi abeslari izatea da.
Nola klasifikatuko zenukete zuen musika?
Rockaren barnean sartuko genuke. 80-90eko hamarkadetan sortu ziren talde batzuk aunitz gustatzen zaizkigu.
Zein izan dira erreferentziazko artista horiek?
Batzuk aipatzearren, Sonic Youth, Wilco, Pixies edota Fugazi. Euskal Herrikoak, berriz, Lisabo, Dut, Negu Gorriak, Borrokan...
Zein duzue plazarik gustukoena jotzeko?
Gaztetxe edo aretoak, giroa sortzen den leku hetsiak. Baina edonon gustura gaude.
Seigarren diskoa argitaratu berri duzue.
Hala da, pandemiak aitzineko diskoaren kontzertuen erdian harrapatu gintuen, eta normaltasunera bueltatu ginelarik hasi ginen pentsatzen taldea berriz aktibatzen.
'Deus'. Zergatik izen hori?
Alde batetik, geldialdiaren ondotik sortu ditugun kantek ez dutelakoz denak biltzen ahal dituen ildo zehatz bat. Kanta multzo bat dira, eta gaiei begiratuta, ez dute deus amankomunean. Eta bertzetik, asotsez eta estimuluz beterik bizi dugun bizi estiloaren kontra, hutsunea eta isiltasuna aldarrikatu nahi genituen. Juan Angel Perotxenaren azal irudiak arras ongi islatzen du izena.
Nolakoa izan da sormen prozesua?
Gehienetan etxetik ideia batzuk eramaten ditugu lokalerat, eta denon artean forma ematen diogu. Izan dira lokaleko inprobisaziotik atera diren zatiak ere.
Gizarteari kritika bat da lana?
Bai, normalak ez diren hainbat bizimolde normaltzen ari gara azken aldian eta horien inguruko hausnarketek letren zati haundi bat hartzen dute.
Batzuetan existentzialismora ere jotzen duzuela dirudi...
Bai, azken finean, gure bizimoldeak zertara garamatzan eta norberari zein gizarte mailan eman eta kentzen digunari buruz aritzen gara aunitzetan.
Zapatillerako musikarien kolaborazioa izan duzue diskoan, ezta?
Bai, Egia begira eta Hondamendia kantetan, Kattalin Arizmendi, Kattalin Ezkerra, Izargi Zumarraga eta Maddi Irazokiren koroak sartu ditugu. Ahots berriek kolore diferentea eman diete kantei eta arras kontent gelditu gara. Gainera, kontzertu pare batean koro horiek sartzeko aukera izan dugu!
Musika talde bezala, nola laguntzen dizue Zapatillerak?
Musika baldintza duinetan egiteko lekua ahalbidetzen digu. Urte luzez han eta hemen ibili gara, entseatzeko lokal baten baldintzak betetzen ez zuen lekurik gabe, ez horren eroso. Orain gure lekua harrapatu dugu. Gainera, hainbat talde elkarrekin leku berdinean egoteak, bertzelako gauzak antolatzeko aukera ematen digu.
Musika Baztanen sortu izanak taldea baldintzatu duela erranen zenukete?
Zaila da erraten. Han edo hemen musika iduritsua eginen genukeela uste dugu, baina bertako musikak azken emaitzan bere zer errana ere izan du.
Aldi berean, musika euskaraz sortzea hautu kontzientea izan zen, edo naturala?
Guztiz naturala izan zen. Azken finean, musika modu naturalean eta egiazkoan adieraztea inportantea dela uste dugu, beraz, euskaraz izan behar zuen.