Nola sortu zen taldea?
2020an, pandemiaren aitzinetik, greba orokor bat izan zen urtarrilaren 30ean, eta mobilizazioen arteko denbora bete nahian, lagun kuadrilla bat gitarrak atera eta kantatzen hasi ginen. Hori ikusita, Izpegiko Bereko bentako Idoia Gilleneak kontzertu bat ematea eskaini zigun, martxoaren 8aren harira. Egun horretarako kantu batzuk prestatzeko hasi ginen elkartzen.
Nondik heldu da izena?
Izenarekin bueltaka genbiltzala, lagun batek aipatu zigun Mari Luz Estebanek bazuela poema bat Birrotxak izenekoa, andre zahar, neskazahar, mutxurdin... erran nahi zuela. Emakume horien aldarrikapena egiten zuen poema horretan. Ideia gustatu zitzaigun eta bertsioak egiten hasi ginenez, hotsak birsortzen genituela erran daiteke. Hitz joko hori baliatu genuen 'Birrots' izena jartzeko, eta aitzinetik 'Madame', ematen dion indarra gustatzen zaigulakoz.
Beraz, lagun talde bat musika talde bihurtua, edo alderantziz?
Bietarik du! Batzuk lagunak ginen taldearekin hasi baino lehen, baina bagaude taldeari esker lagunak bihurtu garenak ere. Gaur den egunean, taldea lagun artean bizi dugu.
Kontzertu ugari emanak zarete...
Taldea sortu zenetik kontzertu dezente emanak ditugu eta kontent gaude. Diskoa atera dugunetik Zubietan, Arizkunen eta Katakun izan gara eta ekainera bitarte baditugu bertze batzuk lotuak. Gu kontent!
Nola lagundu dio Zapatillerak taldeari?
Espazio ederra izan da sormenari lekua eskaintzeko. Jendearekin elkartzea eta musika jo eta sortzea ahalbidetzen duen lekua da. Arras inportantea da saretzea eta herritik kulturari eta arteari bide ematen dioten espazio kolektiboak sortzea. Horixe da Zapatillera.
Zuen lehen diskoa kaleratu berri duzue. Nolakoa izan da sormen prozesua?
Arras polita eta berria guretako. Hasmentan bertsioak jotzen hasi ginen, baina poliki-poliki gure kantak sortzen hasi ginen eta taldekide guziek parte hartu dugu sormen eta garapenean. Entseguak erabili ditugu horretarako: instrumentuak atera, ahotsa berotu eta denon artean inprobisatuz.
Zein izan duzue inspirazio iturria prozesuan?
Ez genuke erranen iturri konkretu batetik edan dugunik, edo kontzienteki artista zehatz batean inspiratu garenik. Ez da hala. Emaitza bakoitzak orain arte aditzen eta berarekin zekarren influentzian egonen da, bakoitzak bere kutsua eman dio.
Zer kontatu edo aldarrikatu nahi duzue lanarekin?
Batik bat aldarri feministak entzun daitezke gure lehenbiziko diskoan, eta kritika soziala begirada feministatik, doike. Baina badago ere problematika sozial gehiago barnebiltzen duen kantarik. Dena den, diskoa aditu eta norberak bere ondorioak ateratzea izanen da onena!
Luckyak uztea lortu duzue?
Bueno... batzuen kasuan hor segitzen du Lucky sozialak agertzen...
Musika Baztango testuingurutik sortzeak zuen lana eta azken emaitza baldintzatu dute?
Ez kontzienteki, baina bai. Azken finean, kantetan gure eguneroko bizipen edo egoerak islatzen dira. Herrietan bizi gara eta horrek ere baldintzatzen du musika egiteko eta bizitzeko modua; nola, noiz eta non elkartzen garen, nola harremantzen garen... denean eragiten du bakoitzaren sorleku edo bizilekuak.
Gizonezko hutsez osatutako taldeak ugariak dira, emakume hutsezkoak, berriz, ez hainbertze. Zuen taldearen formazioa bera aldarrikapen bat bezala ikus daiteke?
Dudarik gabe, aldarrikapen baten gisara ikus daiteke. Eszenatokiak, ehuneko haundi batean, gizonek okupatzen dituzten espazioak dira. Errealitate horren aitzinean, bortz emakumez osatutako talde bat sortzea eta eszenatokira igotzea, historikoki gizonek okupatu duten espazioa gure eta guretik egitea da.
Aldarrikapenerako tresna ona da musika?
Arras tresna aproposa, edozein arte izaten ahal den bezala. Musika, azken finean, momentuko gizartearen edo errealitatearen isla ere bada. Sortzen den musikak badu momentuko egoera soziopolitikoaren errepresentazioa, eta hori kritikatzeko, transformatzeko eta sozializatzeko tresna ederra da beraz.
Zerbait gehitu nahi duzue?
Jendea elkartzera eta musika egitera animatu nahi dugu, aisia jorratzeko modu eder eta betegarria da, kontsumorik gabekoa.