Benito Menniko erabiltzaileen familiek murrizketak salatu eta langileen greba babestu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 4a, 12:30

Zentroko erabiltzaileen senideak ELAko egoitzan bildu dira gaur goizean, «erabiltzaileen zaintzaren kalitatea okertu dela» salatzeko eta «enpresak onura ekonomikoa erabiltzaileen ongizatearen gainetik jarri duela» gaitzesteko. Gainera, «erabiltzaileak langileen kontra jartzen saiatu izana» leporatu diote enpresaren zuzendaritzari

Elizondoko Benito Menni ospitale zentroko erabiltzaileen familiak «arras kezkatuak» agertu dira gaur goizean, «Hermanas Hospitalariasen zuzendaritza egiten ari den kudeaketagatik eta gure senideek jasanen dituzten ondorioengatik».

Adierazi dutenez, «badakigu enpresa irailean hasi zela Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen Elizondoko zentroan oheak murrizteko, baina familiei ez ziguten berririk eman azarora arte. Gutun labur baten bidez hartu genuen informazioa, jakinaraziz gure senidea Iruñera edo Elizondoko zentroko bertze eraikin batera lekualdatu zutela edo lekualda zezaketela».

Joan den astean enpresak bilera presentzial batera deitu zituen, «gure senideak zein egoeratan dauden eta erabaki hori hartzeko ustezko arrazoiak azaltzeko. Enpresak kontatu digunetik haratago, guk gure senideak zein egoeratan dauden ikusten dugu»:

  • «Erabiltzaile batzuk Iruñera joan dira edo lekuz aldatzeko arriskua dute, eta errehabilitazio prozesurako aunitzez komenigarriagoa egiten zaie Elizondon egotea».
  • «Erabiltzaile batzuek beren logela propioa zuten, hau da, beren intimitate espazioa, eta pertsona arrotz batekin partekatzera behartu dituzte. Ondoko eraikineko bizilaguna izan arren, haiendako arrotza da, eta orain bere gelan bizi da».
  • «Erabiltzaile batzuk, autonomia garatzeko, askatasunez mugi zitezkeen, lorategira irten, sukaldean kafe bat hartu, eta abar. Orain, solairuak itxita dauden eta irteteko autonomiarik ez duten eraikin batera aldatu dituzte».

Hori dela eta, «gure senideek bizi duten egoera salatu nahi dugu, baita enpresak egin dituen aldaketak ere, erabiltzaileen beharrak inola ere kontuan hartu gabe. Aldi berean, salatu nahi dugu enpresa erabiltzaileei egiten ari zaien hertsapena, guri, haien senideei, bizi duten egoera ez helarazteko. Duela bi aste enpresak bilera batera deitu zituen RAEM unitateko erabiltzaile batzuk, familiei zein egoeratan dauden ez kontatzeko eta plantillari eta haien aldarrikapenei buruz gaizki solastatzeko. Onartezina da zuzendaritzak erabiltzaileak presionatzea gatazka honetan langileen kontra jartzen saiatzeko».

Hori dela eta, familiek bat egin dute zentroko langileen aldarrikapenekin eta greba egunak babestu dituzte. «Guk ere kalitatezko zerbitzua eskatzen dugu, eta horretarako Bertizko eraikina berriz ireki behar da, erabiltzaileak Elizondon birkokatuz, banakako logeletan eta merezi duten arreta emateko behar duten langileekin».

Horrez gain, «Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, biztanleei kalitatezko arreta eta zaintza bermatzeko duen erantzukizunean, egoera konpontzeko esku har dezala. Zerbitzuko ohe itunduak finantzatzen dituztenez, zerbitzuaren kalitatea betetzen dela bermatu beharko lukete».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun