ELAk jakinarazi duenez, Benito Menniko langileek greba eginen dute aste honetan ere. Hermanas Hospitalariasen zuzendaritzak joan den urte hondarrean jakinarazi zuen aurten Elizondoko hiru eraikinetako bat hetsiko dutela. Horren ondorioz, «15 langile baino gehiago kaleratuko dituzte, eta bertze zenbaiten lanaldiak murriztu eta lan funtzioak aldatu».
Gainera, «bertako erabiltzaileetako batzuk gainerako bi eraikinetara mugitu beharko dituzte, gelak elkarbanatzera behartuz, eta bertze batzuk Iruñera eramanen dituzte». Erabiltzaileen familiak «arras kezkatuak» agertu dira, «zuzendaritzak hartutako erabakiarengatik eta erabakia gauzatzeko moduarengatik». Hori dela eta, agerraldia eginen dute bihar, otsailaren 4an, Iruñeko ELAren egoitzan 11:00etan.