Ttipi Txartela

«Eskualde bakoitzak bere produktuak aldarrikatu behar ditu»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 7a, 12:00

Sasoian sasoiko platerak eskaintzearen aldeko apustua egiten dute Elbeteko Posadan, Belen Urrutiak azaldu bezala, «eskualde bakoitzak bere produktuak aldarrikatu behar ditu eta horrek aberastasuna ekartzen dio inguruari; ekoizleek produktuak egiteko aukera dute, eta guk erosteko. Produktu bakoitzak bere tenorea du eta sasoikoa merkeagoa, kalitate haundiagokoa eta zaporetsuagoa da beti».

Hori dela eta, Ehiza jardunaldi gastronomikoan parte hartzen dute urtero. Aurten, abenduaren 8ra arte izanen da eskualdeko jatetxeetan ehizako platerak dastatzeko aukera, udazkeneko produktuekin batera. Posadan, «gaztain krema foierekin, krepeak dilista hummus eta basurde azpizunarekin, hostopila kalabaza, sagar eta gasnarekin, uso gisatua, oreina eta onddo eta ahate risottoa izanen ditugu. Ehizakoak hemengo produktuekin osatzen saiatzen gara eta jendeari aunitz gustatzen zaio, erreserba pila izaten ditugu».

Azkenik, «Nafarroako Gobernuak eta INTIAk sortutako Hurbileko Salmentako sarean sartu gara, bertako produktuen erabilera bermatzeko eta kontsumoa sustatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun