Ttipi Txartela

«Eskari haundia dugu kiroldegian eta zerbitzua zabaldu dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko aza. 5a, 12:00

Duela bi urte ireki zituen ateak Arizkungo Mugarki kiroldegiak eta «arras kontent» agertu da Arantxa Blanco; «jende dezenterekin hasi ginen eta denborarekin aunitzez gehiagok eman dute izena, eta Baztandik kanpoko jendea ere etortzen da. Gainera, ikasturtearen hasmentan gorakada haundia izan dugu».

Hori dela eta, eskaintza zabaldu dute: «alde batetik, gimnasioan zuzendutako jarduera ugari ditugu: indarra, ziklo, dantzumba, pilates… mugikortasuna, indarra eta alderdi aerobikoa lantzeko». Horrez gain, «hainbat programa ditugu: 65 urtetik goitikoendako, kirolik egiten ez duen eta forma fisikoa hobetu nahi duen jendeari zuzendua, Baztango eskubaloiko jokalariendako… horretarako nutrizionista, fisioterapia eta errehabilitazio zerbitzuak eskaintzen ditugu». Fitness gelan, aldiz, «bakoitza bere kabuz etor daiteke nahi duena lantzera», eta «eskalada egin nahi dutenendako rokodromoa dugu, haur eta helduentzako kurtso eta programekin». Azkenik, «ostatua dugu, mundu guziari irekia. Denetik eskaintzen saiatzen gara».

Hasiberriei «denetik probatzeko gomendatzen diegu, gehien gustatzen zaiena aukera dezaten. Aurten, adibidez, indarrak eta pilatesek arrakasta haundia izan dute eta ordutegiak zabaldu ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun