Baztango Udalak 'Elikatzen duten herriak' saria hartu du zahar etxeko proiektuarengatik

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 31a, 10:30

Proiektuan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak. Irudia: Zaldua.

Agroekologioaren aldeko udalerrien sareak Baztango Udala saritu du, adinekoen egoitzan elikadura osasungarri eta iraunkorrerako trantsizioa egiteko proiektuagatik. 'Elikatzen duten herriak' sariak tokiko elikadura politika hoberenak aintzatesten ditu estatu mailan, eta Baztanez gain, hiru udalerri izan dira sarituak: Aínsa-Sobrarbe, Bartzelona eta Fuenlabrada.

Kordobako Errege Lorategi Botanikoan izan zen aurtengo sari banaketa eta Lorea Lizarreta Intsausti udaleko Elikadura zinegotziak eta Jauregia esnekietako Aitor Azkarate Tomassonek, ekoizleen ordezkari gisa, hartu zuten saria. Epaimahaiak zahar etxeko proiektua aukeratu zuen «proposamen ausarta delakoz, adinekoak kontuan hartzen dituelakoz eta udalerritik ekoizpena eta eskaria artikulatzeko erronkari ekiten diolakoz». Gainera, «udalerri ttikiek elikagai eraldaketak tokikotik gidatu ditzaketela» erakusten du ekimenak.

Lizarretak «zahar etxeko jantokian egindako proiektuaren balioa» nabarmendu zuen, eta parte hartu duten pertsona guzien inplikazioa eskertu zuen: «adinekoen egoitzarena (zuzendaritza, sukaldea, biltegia, administrazioa, laguntzaileak, egoiliarrak, familiak), produkzio-sektorearen eta tokiko merkataritzarena, Cederna Garalur elkartearena eta Mirua kooperatibarena».

Azkarate, berriz, «arras kontent» agertu zen «adineko bizilagunak elikatu ahal izateagatik eta Baztanen ekoizten dena aintzat hartzeagatik». Erosketa publikoetan «iraunkortasun irizpideak sartzearen garrantzia» azpimarratu zuen, «tokiko elikagaien kontsumoa bultzatzeko eta nekazaritza sektorearen egituraketa kolektiboa eta dinamizazioa sustatzeko».

Lizarreta eta Azkarate saria biltzen Kordobako Errege Lorategi Botanikoan.

Agroekologioaren aldeko udalerrien sarea

Tokiko erakundeen estatuko elkartea da sarea, udal, mankomunitate eta aldundiek osatua. Erreferentziazko gune bihurtu da tokiko elikadura politika berritzaileak bultzatzeko, elikadurarako eskubidea sustatzeko eta nekazaritzako elikagaien eredu iraunkorra berreskuratzeko, nekazaritza ekologiaren eta elikadura burujabetasunaren ildotik.

Erakundeak banatutako 'Elikatzen duten herriak 2024' sariaren helburua da tokiko erakundeek elikadura jasangarriagoa eta osasungarriagoa lortzeko egiten ari diren lana ikusarazten eta ezagutarazten laguntzea.

Horren harira, aurtengo saridunek «elikaduraren eta nekazaritzaren arloan duten egoerari buruz hausnartzera» animatu zituzten gainerako udalerriak, baita «pertsonendako eta planetarendako elikadura jasangarriago eta osasungarriagoak lortzeko dauden proiektuak errepikatzera» ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun