Baztango Udalak, Zaintza Lanak enpresa publikoaren bitartez, zaharren egoitzako jantoki zerbitzua hobetzeko prozesua martxan paratu du. 99 egoiliar ditu gaur egun zahar etxeak, eta astelehenetik iganderako bortz otorduak barne hartuta, asteko 3.500 menu osasungarri eta jasangarri emanen dituzte.
Horretarako hornitzaile berriak aukeratu dituzte, bertako produktuari lehentasuna emanez. Kalkuluen arabera, «elikagaien laurdena Baztan-Bidasoko ekoizleena izanen da, bertze hainbertze Ekoalde Nafarroako ekoizle ekologikoen elkartearena, eta herena tokiko merkataritzarena. Adibidez, hemendik aitzinera, Baztan-Bidasoan ekoiztutako esnea, jogurta, ogi integrala eta sagar zukua sartuko dira egoitzako gosarian, eta hornitzaileen artean bertako arrandegiak, harategiak eta okindegiak izanen dira».
Horrez gain, menuak osasun-agentzietako gomendioetara moldatuko dituzte. Bertzeak bertze, fruta eta barazki freskoen, zereal osoen eta landare proteinaren kontsumoa handituko dute, eta produktu izoztuen, prozesatuen, ultraprozesatuen, frijituen eta azukre erantsiaren kontsumoa murriztuko dute.
Proiektuak Cederna Garalurren parte hartzea izan du, eta Nafarroako Gobernuak eta Landa Garapenerako Programak finantzatu dute, autofinantzaketaz gain. Gainera, proiektuaren dinamizaziorako Mirua mikrokooperatibaren, Elikalimen nutrizio aholkularitzaren eta Nhoalab zuzkidura aholkularitzaren laguntza izan du udalak.
Menuak aldatzeko trantsizioa heldu den astelehenean, ekainaren 17an abiatuko da eta aurreikusi dutenez, «guttienez urtebeteko lan sendoa beharko da erronka guziei konponbidea emateko». Ekainaren 18an elikadurari buruzko solasaldia izanen dute egoiliarrek, eta uda bukaeran ezarpen mailaren ebaluazioa eginen dute.