Baztango Osasun Plataformak mobilizazioekin segituko duela jakinarazi du

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 24a, 14:00

Azaroaren 6an, asteazkena, elkarretaratzea eginen dute Elizondoko Osasun Etxearen aitzinean 18:00etan

Irailaren 29ko manifestazio jendetsutik ia hilabetea pasata, Baztango Osasun Plataformak mobilizazioekin segituko duela jakinarazi du. Azaldu dutenez, «dagoeneko bi mediku ari dira lanean Elizondoko osasun etxean, plataforma sortu zeneko hiru plaza hutsetatik bi bete dira. Baina mediku hauek ez dira luzerako etorri, izan ere, udaberrian medikuntzako oposizioa ebatziko da eta mediku aldaketa izanen dugula aurreikusten dugu, nahiz eta plaza horiek modu egonkorrago batean beteko direla uste dugun».

Hori dela eta, «medikuaren iraunkortasuna bermatzearen garrantzia» nabarmendu dute; «zenbat eta denbora gehiagoz aritu osasun langileak leku berean lanean, hobeki ezagutzen dituzte herrietako biztanleak eta ondorioz, ematen duten arreta hurbilagoa eta kalitate hobekoa izaten da».

Hizkuntza eskubideei dagokienez, «horrelako egoera berezietan maiz bigarren planora pasatzen dira, baina Baztanen euskaraz bizi garen heinean, inportantea iruditzen zaigu mediku euskaldunak izateko eskubidea behar bat bihurtzen dela azpimarratzea».

Azkenik, «hiru medikuen ausentziari buruz mintzatu bagara ere, aipatu beharrekoa da normalean ez direla eskualde osoko medikuen oporrak edo bajak ordezkatzen. Herri batean medikua falta denean, bertze herri batekoak bete ohi du, honen lan karga haundituz eta arretarako denbora gibelatuz. Erran beharrekoa iruditzen zaigu ere, Baztan eta Zugarramurdi eta Urdazubiko herriendako pediatra eta erdi dagokigula, eta urteak direla ez dela hau betetzen, pediatra bakarrarekin baikaude».

Hori dela eta, «Nafarroako Gobernuko osasun saileko arduradunei eskatu nahi diegu lehen arreta maila sendo baten alde lan egin dezatela, tokatzen zaigun osasun profesional kopurua bermatuz eta osasun sistema publikoa indartuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun