Arras Baztan lurralde markan bildutako hainbat eragile ekonomiko eta sozialek Baztanen tokiko moneta bat martxan jartzeko prozesua abiatu dute. Azaldu dutenez, «tokiko txanponek lurraldeko ekonomia indartzen dute, hurbileko produktuen kontsumo handiagoa bultzatzen dutelako, eta tokiko merkataritza eta enpresen arteko harremanak sendotzen dituztelako».
Enpresez gain, tokiko moneten «balio soziala» azpimarratu dute; «bertako eragile sozialekin harremanak estutzen dira eta hauek ere tokiko monetaren onurak baliatzen dituzte. Beraz, gizarte kohesio handiagoa lortzeko tresna garrantzitsuak dira».
Tokiko moneta sortzeko prozesuan, «beharrezkoa da bertako eragile ekonomiko eta sozialak eta herritarrak diseinuan eta ibilbidean inplikatzea. Gurean zer nolako moneta nahi dugun, zein balio behar dituen, zein ezaugarri izanen dituen… erabakitzeko Baztango elkarteen eta herritarren parte hartzea ezinbertzekoa da».