OlatuKoop elkartea, Baztango Udala, Cederna Garalur elkartea, Udalbiltza eta Euskal Moneta elkartea elkar lanean ari dira «mugaz gaindiko tokiko txanpon osagarri bat bultzateko». Proiektuaren bideragarritasuna egiaztatu ondotik, proiektua gizarteratzeko bigarren fase bati ekinen diote eta, horrenbestez, proiektu koordinatzailea kontratatuko dute.
Lanpostuak eginkizun hauek izanen ditu:
- Mugaz gaindiko moneta-lankidetzarako talde eragileko kideen arteko harremana sustatzea eta animatzea.
- Hiru ikerketa-lurraldetan (Baztan, Oarsoaldea eta Ipar Euskal Herrian) tokiko bilerak animatzea eta/edo sustatzea parte hartuko duten gizarte eragileen iritzia jasotzeko.
- Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko enpresa, sindikatu eta elkarte-sareekin lan bilerak egitea, proiektuaren funtsezko balioei eta arrakastarako baldintzei buruzko akordioa eraikitzearren.
- Proiektua egonkortzeko finantzaketa iturriak bilatzea eta laguntza deialdiei loturiko espedienteak kudeatzea.
- Laguntza teknikoa ematen duen hornitzailearekin komunikazio tresnak garatzea (webgunea, sare sozialak, komunikabideak, edizio lanak, e.a.).
- Kudeaketa orokorra gidatzea, plangintzari dagokiona zein ekonomikoa.
Lanaldi osoko urtebeteko lan kontratua izanen da, luzatzeko aukerarekin. Tokiko ekonomian, euskaran eta trantsizio ekologikoan oinarritutako proiektu batean parte hartzeko aukera emanen du lanak, eta telelana egiteko aukera, baita ordutegia antolatzeko aukera ere, agendaren arabera.
Deialdiaren informazio guzia eta baldintzak eskuragarri daude lansarean.eus webgunean. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 26a izanen da.