Bestak 2024

«Guk eta guretako eginak dira Anizko bestak»

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 2a, 10:00

«Momentu honetan bere buruarekin bakean dagoen emakumea». Halaxe aurkeztu du bere burua Ainhoa Maritorena aniztarrak; «lasai bizi dena, ilusio haundikoa, eta egunerokoa bizitzen duena». Ibiltzea, frontenisean aritzea eta lagunekin egotea du gustuko, eta doike, prest dago urriaren 4tik 6ra herrian ospatuko dituzten bestetarako.

Herri bizia

Herri ttikia da Aniz, «baina ttikia izateak ez du erran nahi bizitasunik ez duenik. Anizen bizi garenok hemen bizitzea erabaki dugu, eta herri bizia nahi dugu, hortaz, ekitaldiak antolatzen ditugu». Eta ez dira gutti, izan ere, «urteroko ohiturez gain, hau da, urtetxak, Orakunde, Olentzero… bertze batzuk ere antolatzen ditugu: xingar jateak, Asteburu Kulturala, Gau Beltza… herritar guziendako izaten dira, ez haurrendako bakarrik». Herriaren etorkizunari dagokionez, «momentuan gazte eta nerabe aunitz bada. Haurrak gutixko ditugu, hortaz, etorkizuna nola izanen den ez dakigu».

Argi du, ordea, herriko bestak izanen dituztela fite, egun bereziak aniztarrendako. «Hiru egun izanagatik, goizetik gauera artio frontoian egoten gara egun guzia. Otordu guziak frontoian egiten ditugu, ekitaldiak guk antolatu eta parte hartzen dugu… dena guk eta guretako egina da, eta horrek egiten ditu berezi».

Oroitzapen politak

Ttikitatik bizi izan ditu bestak, eta oroitzapen ugari ditu: «etxea jendez betea, ama lanean eta musika aditu orduko kanporat joaten ginela. Igande goizetan frontoira joaten ginen sosik ote zen ikustera, eta harrapatzen genuen! Gogoan dut haurrak ginela zikiroan zerbitzatzen aritzen ginelarik, Txomin Amorenak prestatzen zuen zikirotik sobratzen zena jaten aritzen ginela». Musikak ere ez zuen hutsik egiten: «Naigi taldearen arras oroitzapen ona dut, eta gaztetan, 1997. urtean, Anje Duhalde etorri zen eta ikaragarria izan zen».

Urteekin, bestak «aunitz aldatu dira. Nik ezagutu dudanez geroztik, beti urriaren lehenbiziko igandean izan dira, baina orain dela 50 urte baino gehiago abuztuaren 15ean ospatzen ziren. Baztanen bertze herri aunitzetan ere bestak data horretan zirenez, aldatzea erabaki zen».

Bestak denendako

Hori ez da aldaketa bakarra izan; «lau egunetik hiru egun izatera, larunbatetik asteartera izatetik, larunbatetik astelehenera, eta orain ortziraletik igandera». Jende aldetik ere, «gaztea nintzelarik jende aunitz etortzen zen, karretera bazterra kotxez betea egoten zen… gaur egun jende gutiago etortzen da eta gan-torria dugu. Horrez gain, lehen polleroa etortzen zen, frontoiak ez zuen goraperik…».

Bada berdin segitzen duenik ere: «Anizko Gazteak-eko blusa. Hiru urtetik hasi eta 60 urteak artio, denok dugu blusa urdin bereizgarria!». Gaur egun, besta egiteko «ortziralea dut egunik gustukoena, baina ekitaldi bat hautatzekotan, igandeko karaokea hautatuko nuke».

Herritar guzien artean antolatzen dituzte bestak, «ez dugu besta komisiorik, edo damunausirik, herriko batzarrak antolatzen ditu. Eta doike, gozatu ere denon artean egiten dugu!». Baina herritik kanpoko jendea ere hurbiltzen da; «Basaburuko bertze herrietatik eta hondar urte hauetan Baztango bertze herrietatik ere heldu dira zopetara. Iaz, erraterako, 120 lagun bildu ginen zopetan, 70 biztanleko herri batendako, ikaragarria!».

Bereziki berroetarrekin bizitzen dituzte besta egunak, lotura estua baitaukate: «inauteriak ere elkarrekin ospatzen ditugu, lagun taldeak bi herrietakoak dira, sagardotegira irteera urtero bi herrietakoek elkarrekin egiten dugu… arras lotuak gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun