Nondik sortu zen Baigorriko gazteekin batera bestak antolatzeko ideia?
2022ko urtarrilean, dagoeneko, seinaletikari buruzko ekintza bat egin genuen elkarrekin, mugaren salaketa egiteko helburuarekin. Lehendabiziko kontaktu horretatik sortu zen Izpegiko bestak antolatzeko ideia. Hala, joan den urtean aitzinerat eraman genuen ideia hori eta Izpegiko besten lehendabiziko edizioa egin zen Baztango Gazte Asanblada, Basaizea eta Erratzuko gazte batzuen arteko elkarlanean.
Nola joan zen?
Orokorrean, arras ongi. Lehendabiziko aldia izanda, antolaketa prozesua konplikatua eta luzea izan zen, baina motibazioa ere handia zen, eta inguruko jendea gustura egon zela ikustean gu ere kontent gelditu ginen. Egunean berean arazoren bat edo bertze eduki genuen, elektrizitate sorgailuak azken momentuan huts egin zigun eta argi gabe gelditu ginen… Baina ahal bezala aitzinerat atera genuen eta azkenean denek oroitzapen arras ona altxatzen dugu. Egun berezia izan zen.
Bi herrien arteko harremanak sendotu nahi dituzue. Gaur egun, nolako harremana dute baztandar eta baigorriarrek?
Oraindik ere nahiko eskasa dela erranen nuke. Egun eta besta puntualez gain, Baztandarren Biltzarran edo Nafarroaren egunean, adibidez, ez dago elkartzeko ohiturarik, ondoan bizi garen arren. Baigorriko gazteekin elkarlanean aritzearen alde positiboenetako bat haiekin sortu eta indartu dugun harremana izan da, zalantzarik gabe.
Eta Erratzuko gazteek, zehazki, zein harreman duzue Baigorriko gazteekin?
Beti egon izan da ohitura Baigorri alderat joateko bestetara eta abar, edo haiek Erratzurat etortzeko. Baina, hala ere, gustatuko litzaigukeena baino harreman gutiago dugu orokorrean.
Horrelako ekimenak baliagarriak dira loturak sendotzeko?
Bai, dudarik gabe. Uste dugu horrelako ekimenak arras lagungarriak direla gure artean inposatu zaizkigun muga fisiko zein psikologikoak hausteko eta elkarren arteko harremanak indartzeko. Hori izan zen, bertzeak bertze, Izpegiko bestak antolatzearen helburuetako bat.
Zein filosofiarekin antolatu duzue besta?
Elkarren ondoan kokatutako bi herri banatzeko inposatu zaizkigun muga horiek hausteko antolatu genituen besta hauek iaz. Aurten, jasaten ditugun inposizioen asimilazioaren kontra egin nahi dugu batez ere. Gure hizkuntzaren kasuan nabaria da asimilazio hori, erdal hizkuntzak geroz eta presenteago daude eta eskuara baztertzen ari gara. Hortaz, ezinbertzekoa da erreferente propioak izatea; sareak, aliantzak eta egitura propioak sortzea. Eguneroko errepresioa ere bada asimilazioaren adibide argia: atxiloketak, neurrigabeko isunak, polizia, enpresa erraldoiek inposatu nahi dizkiguten makroproiektuak… Inposaketa horien guzien kontra egiteko bidean ezinbertzekoa da zubiak eraikitzea eta saretzea, eta bide horretatik antolatu ditugu Izpegiko bestak bigarren aldiz.
Lan haundia da dena prestatzen?
Iaz lan handiagoa izan zen, lehendabiziko aldia zelakoz eta zerotik hastea konplikatuagoa delakoz beti. Aurten errazago egin dugu, joan den urteko akatsetatik ikasi dugu eta prozesua arinago joan da. Gainera, dagoeneko ongi ezagutzen dugu elkar eta lanerako dinamika ere hartua dugu. Lan handiena besten aitzineko astean eta egunean berean izaten da. Hortaz, aunitz eskertzen dugu laguntzera hurbiltzen den eta txandetan parte hartzen duen jendea.
Erasoak prebenitzeko eta artatzeko protokoloa ere prestatu duzue, ezta?
Bai, egunean berean Brigada Morea egonen da, eta protokolo bat prestatu dugu edozein eraso motaren aitzinean erantzun bat eman ahal izateko eta berehalako neurriak hartzeko. Izpegiko bestetan ere denentzako espazio seguru eta aske bat sortu nahi dugu, ez dugu tokiz kanpoko jarrerarik onartuko.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Bertzerik gabe, eskerrak eman modu batera edo bertzera besta hau antolatzen lagundu gaituzten guziei, eta jendea aurtengo edizioan parte hartzera animatu nahiko nuke, egun polita izanen da eta!