Bestak 2024

Joseba Oskarizek bota du Lekarozko bestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 23a, 10:00

Joseba Oskarizek piztu zuen Lekarozko bestetako txupinazoa, kirol apustua irabazi ondotik. Argazkia: Ondikol

Eñaut Jauntsaratsekin batera, Oier Ariztegiren eta Gorka Aldakoren kontrako kirol apustua irabazi eta berak izan du lehen suziria pizteko ohorea

Lekarozko San Bartolome bestak hasi ziren abuztuaren 22an, ortzegun arratsean, Joseba Oskariz kirolariak piztutako txupinazoarekin. Lehenxeago lortua zuen Oskarizek ardura hori, kirol apustu berezi baten protagonista izan baitzen. Eñaut Jauntsaratsekin batera, Oier Ariztegiren eta Gorka Aldakoren kontrako apustua izan zen: Legateko itzulia egin zuten bizikletaz eta lasterka eta gero aizkoran aritu ziren plazan. Oskariz eta Jauntsarats suertatu ziren garaile eta Oskariz txupinero.

Haurren pilota txapelketako finala ere jokatu zuten ortzegun arratsaldean, txupinazoa baino lehen. Gero, Baztan zopen afarian 130 bat lekaroztar elkartu ziren eta Beñat Mitxelenaren musikarekin akitu zuten bestetako lehen eguna.

Txistulariak ibili ziren karriketan txupinazoaren ondotik. Argazkia: Ondikol

Gaur gazteen eguna izanen da, bihar San Bartolome egun handia eta igandean ttikien eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun