ELA sindikatuak elkartasuna adierazi die Aroztegiko auziko zazpi herritarrei, eta «protesten aurkako kriminalizazioa» salatu du; «kartzelaren eta isunen mehatxua antolatutako edozein protesta desmobilizatzeko eta isilarazteko saiakera da». Aroztegiko proiektuak, «espekulazio urbanistikoa izateaz gain, ingurumen eta gizarte inpaktu guztiz negatiboaren kontura eraikuntza enpresa handien onura bilatzen du batez ere». Hori dela eta, «UGEPa bertan behera uztea eta lurrak itzultzea» eskatu dute.
LABek, berriz, «Baztango bizilagunen borondatea onartzean datzan gatazka eremu errepresibora bideratzeko asmoa» salatu du. Talde kriminal bat osatzea leporatzen zaien zazpi pertsonei kartzela zigorra eta isuna «berehala kentzeko» exijitu du. «Benetan kriminalizatzailea da estamentu judizialak erabiltzea guztiz legitimoak eta beharrezkoak diren borroka sozial baketsuak zapaltzeko».