Lekarozko Aroztegia proiektuaz

20 urteko kartzela eta 56.000 euroko zigorra eskatu dute Aroztegiko zazpi auzipetuendako

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 17a, 09:00

270 lagun inguru bildu ziren atzo Lekarozen auzipetuei elkartasuna adierazteko.

Talde kriminal antolatua izatea eta derrigortze eta bortxa delituak leporatu dizkiete. Auzipetuek «errepresio ekonomikoarekin laguntzeko deia» egin dute eta aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbide elektronikoa ireki dute horretarako. Gainera, Baztantandarren Biltzarrako egunean diruz laguntzeko aukera izanen da desfilean, baita bazkalondoan Merkatuko Plazaren inguruan paratuko duten postuan ere.

2021eko udaberrian hasi zituen Palacio de Arozteguia SL enpresak lanak Lekarozko Aroztegia inguruan, gerora Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetu zituenak, baimenik gabe hasi baitzituzten obrak. Hala ere, herritarrak izan ziren lanak gelditu zituztenak, eta zazpi lagun auzipetu zituzten kanpaldi horretan parte hartzeagatik.

Duela bi urte deitu zituzten deklaratzera auzipetuak, eta orain jakinarazi dietenez, zazpien artean 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatu dute salatzaileek.

Auzipetuak izan diren zazpi lagunetatik bortz, Aroztegia gibelean dutela.

Elkartasun deialdia

Agerraldi jendetsua egin zuten atzo Lekarozen, «Aroztegiko borrokan sistematikoki pairatu dugun jazarpen judizial, polizial eta ekonomikoa» salatzeko. «Orain zazpi laguni tokatu zaigu gustu txarreko zirko honetan parte hartzea. 20 urteko kartzela eta 56.000 euroko zigorrarekin isilarazi nahi dute herria. Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delituak leporatzen zaizkigu kanpaldian parte hartzeagatik. Lotsagarria».

Epaiketan, «herritarrek beraien burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dute. Ez dezagun atzendu Nafarroako Gobernuak baztandarrei sorgor eginaz sortutako egoera dugula, eta borroka oraindik ez dela akitu: UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzearen erantzukizuna berea da».

Adierazi zutenez, «bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, gure haritz zaharrak botarazi dituzte, gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute eta epaitegietarat igortzen gaituzte. Desobedientziaz borrokatzeko eskubidea kriminalizatu nahi dute».

Hori dela eta, «pairatzen dugun errepresio ekonomikoaren aitzinean elkartasunez erantzutera» dei egin diete Euskal Herriko eragile eta norbanakoei. «Horretarako aroztegia_elkartasuna@ni.eus helbidera idazten ahal duzue».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun