Nola definituko zenuke zeure burua?
Azpilkuetako neska gaztea, alaia eta bestazalea.
Zein dira zure zaletasunak?
Arras musikazalea naiz, eta sukaldaritza, motorraren mundua eta kirola ere gustuko ditut.
Laster bestak izanen dituzue. Zerk egiten ditu berezi Azpilkuetako bestak?
Herri ttikia izan arren, sortzen den giro polita eta adin guzietako herritarren arteko elkartasuna.
Zein dira zure lehenbiziko oroitzapenak herriko bestetan?
Nire lehenbiziko oroitzapenak dira ttikia nintzelarik, minutu batetik bertzera, herritar guziek jartzen zuten giroa ikustea. Jende guzia gogotsu!
Eta gaur egun zein da gehien gustatzen zaizun eguna?
Niretako, dudarik gabe, bezpera da egunik hoberena. Baztan zopen ondotik arrats horrek izaten duen giro polita eta xarma ez dute bertze egunek.
Besta egiteko lehenbizi antolatu behar da. Nortzuk zarete danbolin nagusiak?
Aurten Oier Ariztia eta biok gara, joan den urtean bezala. Hondarreko urtea, espero dezagun!
Nola erabakitzen da nork antolatuko dituen?
Adinaren arabera antolatzen dira taldeak, eta bi urtetik behin izaten dira aldaketak.
Zer hartzen duzue kontuan egitaraua prestatzerakoan?
Gehien bat San Fermin eguna hartzen dugu kontuan, eta asteburuko egunen bat harrapatzea ere.
Zerk ematen du lan gehien?
Nire ustez zikiro egunak ematen du lan gehiena, nahiko egun luzea izaten baita: goizetik gauzak prestatu, gosaria egin, zerbitzatu… nahiko gogorra egiten da, baina herritarren laguntza ederra izaten dugu!
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Ikasturtearen amaiera on eta polit bat izatea eta herriko bestetan gozatzea!
Eta zein dira zure asmoak epe luzera?
Nire ametsa sukaldaritzarekin zerikusia duen zerbait nire menpe izatea da.