Jaime Brunet saria lortu du Anne Garmendia elizondoarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 17a, 16:00

Irudia: NUP

Joan den ortziralean, ekainaren 14an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Jaime Brunet sariak banatu zituen eta hiru ikasle saritu zituzten haien Gradu Amaierako Lanengatik, tartean Anne Garmendia Zubikoa elizondoarra

Haur Hezkuntzako ikasketak egin ditu Garmendiak, eta gazteen familia barneko tratu txarren detekzio goiztiarra eta marrazkien bidezko analisia izan ditu aztergai azken lanerako, Fernando Trébol Unzué irakaslearen zuzendaritzapean.

Arlo teorikoan, tratu txarrak, detekzioa eta adingabeen esku-hartzea aztertu ditu. Esparru praktikoan, aldiz, Baztango zerbitzu profesionalen lan sarea aztertu du, baliabideak sortu ditu detekzio goiztiarrerako eta zentroetan erabilgarria izaten ahal den protokolo bat egin du.

Garmendiaren erranetan, «babesgabetasunari buruzko ezagutza ttikia dago gizartean, tabutzat hartzen den gaia delako, eta tratu txarrak arras guttitan gertatzen diren uste okerra dago». Hezkuntza sisteman, «profesionalek ez dute gaitasunik egoera horiek ikasgeletan detektatzeko eta esku hartzeko, gaiari buruzko ezagutza ttikia baitute eta eskolek ez dutelako jarduera zehatz eta garatuen protokolorik.  Hortaz, erraten ahal da irakasleek ez dakitela nola jokatu egoera horietan».

Jaime Brunet sariko fundazio eta ikasle irabazleak. NUP

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun