Ttipi Txartela

«Urte akabailarako, azaro aldera, Nafarpress hetsiko dugu»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 27a, 12:00

Duela 40 urte baino gehiago ireki zuten Nafarpress liburu-denda Elizondon, eta ia hasmentatik aritu da bertan lanean Juan Luis Perez. Azaldu duenez, «urteekin jendearen eskaera aunitz aldatu da. Internetaren ondorioz, egunkarien eta aldizkarien salmenta izugarri jaitsi da, eta bertze produktu eta zerbitzuak eskaintzen hasi behar izan dugu. Egokitu behar izan dugu».

Gaur egun, egunkari eta liburuez gain, «eskolako materiala, diskoak, jostailuak, litxarreriak, kromoak…» saltzen dituzte. Gainera, «Internetetik eskatutako paketeen bilketa gunea da denda, eta atzerrirat dirua bidaltzeko zerbitzua ere badugu».

Etorkizunera begira, «paperezko liburuak, egunkariak ez bezala, mantenduko direla uste dut, ez dira galduko». Hala ere, «ondoko dendarekin lehiatzea posible da, baina Amazon eta bertzelako online salmenta haundiekin ezinezkoa da, batez ere herri ttikietan».

Azkenik, jakinarazi du «okerrik ez bada, urte akabailerako, azaro aldera, denda utziko dugu. Norbaitek hartu nahi izango balu ederki, eta bertzela hetsi eginen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun