250 lagun inguru bildu dira Elizondon Lozy'seko lan hitzarmena eskatzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 23a, 10:00

Euriaren eta haizearen kontra borrokatuz, jendetza atera zen atzo arratsaldean Elizondoko karriketara, ELA sindikatuak deituak, Lozy'seko langileendako lan hitzarmena eskatzera. Herriari itzulia eginda, herriko plazan bildu ziren haien aldarrikapenak plazaratzeko eta enpresaren jarrera salatzeko. Gainera, greba mugagabera deitu dute martxoaren 4tik aitzinera.

Adierazi zutenez, «Lozy's enpresan greban gaude asteartetik hitzarmen propio bat negoziatu nahi dugulako, izan ere, kimiketako hitzarmen estatala aplikatzen digu enpresak. Komitea sortu genuenetik gure asmoa negoziaketa propioa egitea izan da, baina enpresak hasiera-hasieratik ezezkoa eman digu».

Gainera, «enpresa gure greba eskubidea urratzen ari da langileen ordezkapenarekin. Ez dute negoziatu nahi, ezta gure eskubideak errespetatu ere». Hori dela eta, martxoaren 4tik aitzinera greba mugagabea egitea erabaki dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun