Zenbat langile ditu gaur egun Lozy’s farmazeutikak?
75-80 langileren bueltan ditu enpresak.
Eta zein da langile horien egoera?
Enpresa nahiko gaztea da, zortzi urte bertzerik ez ditu, eta joan den urtean langile batzuk ELA sindikatuarengana hurbildu ziren. Enpresak nahi zuena egiten zuela erran ziguten: egutegiarekin, lizentziekin, batzuei gauza batzuk ematen zizkietela eta bertze batzuei ez… eta haien egoera antolatu nahi zuten. Bortz laguneko komitea sortu genuen, ELAko delegatuekin, eta enpresari adierazi genion langileak ez zeudela pozik haien egoerarekin. Izan ere, kimiketako hitzarmena aplikatzen zaie. Hitzarmena estatu mailakoa da, eta soldata baxuez gain, ez dituzte eskubide arras zabalak. Langileek uste zuten enpresa nahiko egonkortua zela eta haien baldintzak hobetzeko garaia zela.
Zein izan zen enpresaren erantzuna?
Enpresari plataforma bat sortzea planteatu genion, hitzarmen propioa negoziatu ahal izateko, baina ezezkoa eman zigun. Enpresa prest zegoen arazo bat izatean komitearekin biltzeko, irtenbide bat bilatze aldera, baina ez zuten hitzarmenik egin nahi. Geroztik, hainbat alternatiba eman dizkiogu negoziaketa erreal bat egiteko eta paktuak proposatu dizkiogu, baina beti ezezkoa. Horregatik erabaki dugu greba egitea ia solastatu gabe, enpresa ez dagoelako prest gurekin hitz egiteko.
Zein dira zuen eskaerak?
Nahiko plataforma xumea eta ttikia egin dugu, nonbaitetik hasteko, baina baditugu eskaera inportanteak. Alde batetik soldatak hobetu nahi ditugu; enpresa arras ongi doa eta uste dugu kimiketako hitzarmenak erregulatzen dituen igoerak ez direla nahikoak. Bertzalde, lanaldiak murriztu nahi ditugu, hitzarmenak arras jardunaldi altuak dituelako. Gainera, ordu estrak erregulatu nahi ditugu; langileek ordu estrak egiten dituzte baina denek ez dituzte berdin kobratzen eta baldintza berdinak nahi ditugu denontzako. Honez gain, plus batzuk eta lizentzia batzuk hobetu nahi ditugu, opor egunak, kontratazioak…
Nola ikusten duzue enpresaren jarrera?
Enpresaren jarrerak aunitz harritu gaitu. Sinadura bilketa bat egin genuen hitzarmena nahi dugula erakusteko, eta enpresari aurkeztean, langileak sinatzeko engainatu genituela erran ziguten. Jarrera nahiko deigarria izan du.
Zenbat langilek egin dute bat greba deialdiarekin?
77 langile inguru dira eta batzarretara 69 etorri dira. Horietatik 60 langilek grebaren alde bozkatu zuten, eta bederatzik ezetz. Beraz, segimendu zabala izan du.
Bi asteko greba planteatu duzue, ezta?
Aste honetan 20an, 21ean, 22an eta 24an eginen dugu greba; asteburuetan ere lan egiten dute eta asteburuetako langileek grebarekin bat egiteko. Heldu den astean, berriz, aste osoko greba eginen dugu: astelehenetik igandera.
Eta ortzegunean, manifestazioa.
Hori da, astearte eta asteazkenean enpresan gelditzeko asmoa dugu, ikus dezaten hemen gaudela eta mobilizatzeko gaitasuna dugula, eta otsailaren 22an manifestazioa eginen dugu Elizondon. Plazatik abiatuko da 18:00etan, eta plazan akituko dugu.
Zer espero duzue lortzea?
Enpresak jarrera aldatzea espero dugu; sindikatu serioa garela ikustea eta langileak gurekin daudela. Garaia da langileek poliki-poliki beren baldintzak hobetzen hasteko.
Emaitzarik ikusten ez baduzue, greba luzatzeko aukera planteatu duzue?
Bai. Egun hauetako elkarretaratzeetan asanbladak egiteko aprobetxatuko dugu, eta ez badugu deus lortzen, gure asmoa greba mugagabera jotzea da.