Lozy's farmazeutikako langileek greba eginen dute heldu den astetik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 16a, 10:00

Lozy's Pharmaceuticals enpresa Lekarozko Campusean.

Lan hitzarmen propioa lortzeko helburuarekin, otsailaren 20tik 24ra eta 26ko aste osoan eginen dute greba langileek, ELA sindikatuak deituta. Ortzegun arratsaldean manifestazio eginen dute Elizondon

Lekarozko Lozy’s Pharmaceuticals enpresako langileak greba egitera deituak dira, heldu den astetik aitzinera, ELAren eskutik. Sindikatuak azaldu duenez, langileei «kimiketako hitzarmen estatala aplikatzen zaie», eta «lan baldintza kaskarrak» salatu dituzte. Hori dela eta, komiteko kideak negoziaketa martxan jartzen saiatu dira, «baina hasiera hasieratik guztiz blokeatu du enpresak».

Negoziaketen blokeoaren aitzinean, «otsailaren 7an enpresa batzordeak asanbladara deitu zuen, eta mobilizazio egutegi bat onartu zuten langileek, % 78ko babesarekin». Ondorioz, greba eginen dute otsailaren 20tik 24ra, eta hurrengo astea osoan. Langileen eskaeren artean «lan erreformaren aurrean blindajea eta erosteko ahalmena berreskuratzea» daude.

Hau da heldu den asterako prestatu duten greba egitaraua:

  • Otsailak 20, asteartea: 05:30etik 06:30era enpresaren aitzinean bilduko dira eta 08:00etan gosari solidarioa eginen dute. 09:30etik 10:30era kotxe karabana eginen dute eta ondotik enpresara buelta.
  • Otsailak 21, asteazkena: 05:30etik 06:30era enpresaren aitzinean bilduko dira, 08:00etan gosari solidarioa eginen dute eta 09:30etik 10:30era kazerolada.
  • Otsailak 22, ortzeguna: 05:30etik 06:30era enpresaren aitzinean bilduko dira eta 08:00etan gosari solidarioa eginen dute. 09:30etik 10:30era kotxe karabana eginen dute eta ondotik enpresara buelta. Arratsaldean manifestazioa eginen dute, 18:00etan Elizondoko plazatik abiatuta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun