ITZIAR TORRES LETONA

«Palestinarrei ahotsa eman eta elkartasuna adierazi behar diegu»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 21a, 10:00

«Palestinarrak jasaten ari diren sarraskiaren aitzinean, haiei ahotsa emanez, salaketa publikoa egitea helburu duen ekimena» da Baztan Palestinarekin. Sortu berri den taldeko kidea da Itziar Torres, eta, noski, «interesa duen edonork parte hartzen ahal du».

Nola azalduko zenuke Palestinan gertatzen ari dena?

Afera duela hamarkada aunitz hasi zen. Palestinan musulmanak, kristauak, juduak eta bertze bizi ziren elkarrekin, baina Europak proiektu bat sortu zuen: sionismoa. Sionismoak estatu judu bat du helburu, eta horretarako existitzen den herrialde horretako jendea kanporatu, lurrak ebatsi eta mundu zabaletik etorritako jendeekin bete nahi dute. Estatu arrazista, kolonizatzaile eta militarizatu bat nahi dute, palestinarrik gabe, eta horrek etnia garbiketa bat eskatzen du. Europari geopolitikoki komeni zaio horrelako estatu bat ekialdearen atarian edukitzea. 1940ko hamarkadan palestinarren % 80 kanporatua izan zen bere etxetik; milioika errefuxiatu daude munduan barna barreiatuak. Etxeak, auzoak, herriak eta eskualdeak kentzen zaizkie eta beren etxeetatik kanporatzen dituzte.

Eta zein da egungo egoera?

Apartheid egoeran daude, eta zapalkuntzaren zerrenda beltza eta luzea da. Gaza munduan inoiz egon den kontzentrazio esparru handiena da, eta bertan bizi diren palestinar gehienak errefuxiatuak dira. Gazarat ailegatu aitzinetik beren etxeak kendu dizkiete, familia osoak erahil dituzte… eta orain berriz! Israel eskubide internazional guziak urratzen ari da; gerra krimenak egunero-egunero egiten ditu eta hildakoen % 70 emakumeak eta haurrak dira. Garbiketa etnikoa agerikoa da.

«Palestinan gertatzen ari dena ez da gerra, genozidioa da»

Itziar TORRES LETONA, Baztan Palestinarekin

Nolako erantzuna du nazioartean?

Nazioartean gertatzen ari dena lotsagarria da, baita Europako kazetaritzak gaiari ematen dioen tratamendua ere. Israel eta Hamasen arteko gerra aipatzen dute, eta hori alimaleko gezurra da: genozidio bat da. Urriaren 7an ez zen Hamas bakarrik atera; palestinar erresistentzia guzia atera zen bere herria defendatzera. Hamarkadetako kolonizazio basati bati erantzuteko, erahilketak, torturak, atxiloketa sistematikoak, abusuak, ur-hornidura, lur eta duintasunaren ebasgo errepikatu eta zitalari erantzuteko. Nazioarteko legean idatzia da herri okupatu batek eskubidea duela bere burua defendatzeko medio guziak erabiliz. Defendatzeko eskubidea zangoperatuarena da, ez okupatzailearena. Hamasek hauteskundeak irabazi zituen zilegitasun osoz eta Europak erabakitzen du nor den terrorista eta nor ez. Nazioarteko estatuek jarrera konplize edo laguntzaileak hartzen dituzte Israelekiko, beti bezala interes ekonomikoak tarteko direla. Hala ere hor ditugu Yemen, Hegoafrika, Libano… bezalako herrialdeak egoeraren larritasunari erantzuteko konpromisoaz eta arduraz jokatzen ari direnak. Palestinar guziak erresistentzian daude bortxaz. Egoera arras larria da.

Eta Baztanen kontzientziazioa ikusten duzu?

Baztanen, oro har, herri dinamika arras positiboa dugu. Herri zapalduen inguruko interes haundia dagoela erranen nuke. Urteetan solasaldi eta mahainguru aunitz antolatu dira eta horrek bere fruituak ematen ditu. Bertzalde, ikusi bertzerik ez dago 2012an antolatu zen EH Palestina egunaren karietarat lortu zen dinamika indartsua.

Otsailean hainbat ekitaldi antolatu dituzue, eta 2an izan zenuten lehenbizikoa.

Behar bat ikusten genuen, zaila zitzaigun gertatzen ari denarekin deus ez egitea, edo sinpleki afera mahai inguruko elkarrizketetan uztea. Lehen solasaldia luxuzkoa izan zen: Fayez Badawi PAHFko kidea (Palestinaren Askapenerako Herri Frontea) izan genuen gurekin eta pista argigarri aunitz eskaini zizkigun entzuleei. Israel estatu sionistaren helburuez mintzatu zen eta batez ere zein interes dituzten AEBk eta Europak proiektu honekin. Horren parean, erresistentziaren ardatzak duen indarraz ere solastatu zen, bertze gauzen artean.

Jendearen interesa piztu zuen?

70 pertsona inguru hurbildu ziren, eta astean zehar aunitz aipatu da herritarren artean bere solasaldia, beraz interesa piztu zuen, bai.

Fayez Badawiren solasaldiak 70 lagun inguru bildu zituen Arizkunenean. ONDIKOL

Bi ekitaldi gehiago antolatu dituzue hilabete honetarako, ezta?

Bai. Otsailaren 23an, ortziralea, 19:00etan Lidon Soriano etorriko da Arizkunenerat. Lidon Sorianok harreman berezia du Palestinarekin, hango errealitatea lehen eskutik eta arras ongi ezagutzen baitu. 20 urtez brigadak antolatu ditu Palestinarat eta honez gain osasun larrialdietan doktore eta erizain gisa lanean aritu da hor. Beraz, solasaldi honek ere interes handia sortuko du, hango gatazka lehen pertsonan arras ongi ezagutzen duelakoz. Bertzalde, otsailaren 24an Arizkungo Lamiarrietan 10:30ean adin guziendako aproposa den ekimen bat eginen dugu. Mural eder bat margotuko dugu denen artean, Nire hitza ez dezala haizeak eraman lemarekin. Tarte hau probextuko dugu ere, nola ez, gure artean momentu goxo bat pasatzeaz gain gaiarekiko elkarrizketak eduki ahal izateko. Bistan da, denak gonbidatuak zaudetela.

Martxoan, berriz, elkarretaratze deialdia egin duzue…

Bai, elkarretaratzea Yala Nafarroak deitua da. Nafarroako herriei dei egin zaie egun hau antolatzeko eta gu ere animatu gara. Martxoaren 2an izanen da Elizondon eta bi ordu iraunen du, 11:00etatik 13:00etarat. Bi helburu ditu, plazan palestinarrei gure babesa adieraztea eta estatuen zurikeriaren gainetik herritarrak haiekin gaudela agertzea. Bertzalde, diru bilketa eginen dugu, Benjamin Netanyahu Israelgo ministroa internazionalki auzipetzeko ekimen bat abian da eta horretarako sosa behar baita. Bertze puska Gazarat igortzeko izanen da, behar gorrian baitaude.

Nola eman daiteke dirua?

Diru bilketa batez ere elkarretaratzearen egunean metatuko da, hala ere, inork egun horretan agertu ezin badu eta sosa emateko borondatea badu, gurekin harremanetan jartzea bertzerik ez du. Eta talde edo plataformaren batek duda badu, haiek ere parte hartzen ahal dute sos bilketa honetan.

Zer egiten ahal dute baztandarrek palestinarrei laguntzeko?

Nire ustez, garrantzitsuena informazioa iturrri fidagarrietatik lortzen saiatzea da; haiei ahotsa eman behar zaie eta haiek eskatzen dutena babestu. Herritar bezala haiei elkartasuna adierazi behar diegu eta mobilizazioetan parte hartu. Boikotak duen garrantzia ere azpimarratzekoa da, Hegoafrikan berebiziko garrantzia izan zuen bertze afera aunitzen artean, eta genozidio honetan ere izan dezake, serioski egiten badugu. Hau gizarteratzeko BDZ mugimenduak lan haundia egiten du eta urteak daramazki honetan lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun