Ttikitatik disfrutatu du besta honekin: «lehen astelehen eta asteartean izaten zen. Astelehenean eskolako lagunekin egiten genuen desfilea, eta burutan dut duela 27 bat urte txinatar janzkera politekin beztitu ginenean, ikaragarrizko dragoi baten gibeletik. A ze lana egiten zuten gurasoek! Desfilea akitu eta txokolate goxoarekin eta Joxe Angel akordeoilariarekin kentzen genuen hotza». Asteartean, aldiz, «desfilea ikusten genuen, goiz eta arratsalez egiten zutena. Ikaragarrizko karrozak egiten zituzten gazteek».
Geroztik, «inauteriek hainbat fase izan dituzte. Lehen biziki gozatzen zen, jende gehiago mozorrotzen zen. Urte andana pasatu dira besta giro guttiagorekin, baina azken urteetan, puxka biltzearekin eta danborradarekin, ilusioa bueltatu dela erranen nuke». Aitortu duenez, «pena haundia dut puxka biltzea berrartu zutenetik parte hartu ez izana, baina danborradarat beti animatu naiz».
Lagunartean hobe
Gaur egun, «dena dut maite, baina gehienbat danborrada eta larunbatean, bazkaldu aitzinetik, plazan kuadrilla guziak elkartzean sortzen den giroa. Ostatu guziak betetzen ditugu!».
Urtero ateratzen da kuadrillakoekin desfilerat; «hilabete bat lehenago ideia sorta haundia botatzen dugu, kotxe zaharra piztu eta aste batean prestatzen dugu dena. Internetez eskatzen ditugu mozorroak eta etxeko trapu zaharrekin apaintzen ditugu». Lagunekin egindako mozorrorik gustukoena Grand Prix telebista saiokoa du; «sumolariz, zezenez, Ramon Gartziaz… beztitu ginen eta irri aunitz egin genituen».
Izan ere, irriak ez dira falta inauterietan; «behin aitzineko kuadrillakoen baloi haundi bat guregana hurbildu zen, lagun batek ostikoa eman zion eta trafikoa zuzentzen ari zen foralari buruan eman zion. Foralak haserre buelta eman eta ezin asmatu jendetzaren artean nork bota zuen!».
Elizondoko inauterietan «jendeak mozorrotu eta lotsa kenduta aktore lanak egiteko duen gogoa» azpimarratu du; «besta giroa bikaina da, eta puxka biltzea bezalako ekimenekin, lehenagoko ohiturak mantenduz berriak eraikitzen ditugu».
2024ko inauterietako ere gogotsu dago; «pena da danborradarik ez dela, baina txaranga poteorat dudarik gabe animatuko naiz, eta adin guzietako jendea etortzea espero dut». Aurtengo mozorroa prest eta sozietatean bazkaltzeko erreserba eginda, «denok errespetuz besta giro bikaina sortzea nahiko nuke, hori baita gure altxorrik haundiena!».