Ttipi Txartela

«Gure produktu guztiak % 100 naturalak dira»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 1a, 12:00

Gazte hasi zen harakin lanetan Xabier Barrutia, eta betitik izan du harategi propioa edukitzeko ilusioa. Hortaz, emazteak Elizondoko lokal hutsa ikustean, bertan egitea proposatu zion. «Lokala ikusi, gustatu eta hemen ireki genuen duela hiru urte Barrutia 12».

Produktu guztiak «% 100 naturalak dira, kontserbagarri artifizialik gabe eta bertakoak: Elizondoko zerria, Arantzako oilaskoa, Baztango bildotsa eta aratxea… eta prestatutako janariak zein jaki pasteurizatuak ere saltzen ditugu, denak naturalak. Hori da gure berezitasuna». Gaur egun hiru langile dituzte, «baina lan egiteko jende gehiago behar dugu».

Gainera, «etxerako zerbitzua dugu Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan, baita Nafarroa eta estatu mailan ere». Sare sozialak ere «beharrezkoak» ikusten ditu; «erosketak egiteko modua aldatzen ari da eta Internetak garrantzia haundia du adin eta eremu guzietako jendearengana ailegatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun