Abenduaren 31n mutil batek neska talde bati eraso egin ziola salatu dute Baztango eragile feministek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 8a, 10:30

Abenduaren 25ean ez ezik, 31n ere Elizondon gauez eraso bat izan zela salatu dute. Adierazi dutenez, «herriko mutil bat neska talde batengana jarrera biolentoarekin hurbildu zen eta ukabilkada eta ostikoa eman zien».

Baztango Mugimendu Feministak, Mugimendu Transmaribibolloak, Elizondoko Herriak eta Baztango Udalak jakinarazi dutenez, «31 arratsean, neska gazte talde bat komunean zegoela, herriko mutil bat arras jarrera biolentoarekin haiengana hurbildu zen. Neskek behin baino gehiagotan erran zioten bakean uzteko baina mutila gero eta biolentoago jarri eta nesketako bati ostikoa eta ukabilkada eman zizkion. Honen aitzinean gizona ihes egiten saiatu zen, eta saiakera horretan, ostiko baten bitartez, taldeko bertze neska bati eraso egin zion. Hau guztia gutti balitz, bere bi lagunen laguntzaz ihes egiten ari zen bitartean, neska taldea mehatxatzen hasi zen, guztiak joko zituela etab. erranez».

Adierazi dutenez, «besta giroan emakumeen kontrako erasoak biderkatu egiten dira, eta hala izaten segituko du erasotzaileek bere ingurukoen babes eta konplizitatea izaten jarraitzen duten bitartean. Erasotzaileak babestu eta laguntzen dituzuen guztiak: zuek ere parte hartzen duzue indarkeria jokaera hauetan, arazoaren parte zarete, erasoan parte hartzen duzue eta zuengatik ez balitz, gure azaletan pairatzen ditugun biolentziak ez lirateke posible izanen».

Bertze behin ere, «argi gelditu da zeinen garrantzitsua den neska* eta emakumeok* elkarren artean saretuak eta babestuak egotea. Emakume* bakar bat ukituz gero, gu guztiok parean izanen gaituzuela. Behar den guztietan ozen oihukatuko dugu ez dugula beldurrarekin bizitzen segitu nahi, ez eraso baten aitzinean, ezta egunerokoan ere. Indarkeria matxistarik gabeko herrien alde, gora borroka feminista!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun