Abenduaren 25ean gizon batek neskak sexualki jazarri zituela salatu dute Baztango eragile feministek

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 2a, 11:30

Baztango Mugimendu Feministak, Baztango Udalak eta Elizondoko Herriak jakinarazi dutenez, «abenduaren 25eko bestaren harira Elizondoko karriketan neskak etxeraino segitzen eta sexualki jazartzen aritu zen gizon baten berri izan dugu. Eraso honen aitzinean gure gaitzespen argia erakutsi nahi dugu».

Adierazi dutenez, «eraso berri bat eman da aitzitik ere hain erasokorra izan den gure besta giroan. Gaur gaurkoz erasoak gertatzen dira bestaz, baina baita bestatik kanpo ere: ikastetxean, familian, lagunartean, lanean… ez da lehenagoko kontua. Emaztekiek jasaten dugun biolentzia errealitate bat da, egiturek eta batez ere gure inguruko gizonen ideia patriarkalek betikotzen dutena. Denon ardura da erasoak gaitzestea, erasotua izan dena babestea eta berriz ere errepikatuko ez dela bermatzeko neurriak hartzea. Erasotzailea ez delako erasotzera ausartzen bertze aldera begiratzeko prest dagoen ingururik gabe».

Azkenik, «erasoak salatzen segituko dugu, errealitate biolento honekin akitu nahi dugulako. Baina argi dugu emaztekiek ez dugula beldurrez bizitzen segitu nahi, eta horren aitzinean, elkar babesteko tresnarik onena gure artean saretu eta indartzea dela. Emakume bat erasotzen duzuenean guztiok erasotzen gaituzue, hortaz, edozein eraso motaren aitzinean, parean izanen gaituzue beti».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun