Ttipi Txartela

«Lehenago egiten ez ziren konponketak egiten ditugu orain»

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 7a, 12:00

2017an lekualdatu zuten Gureauto tailerra Elizondotik Iruritara, eta bertan hasi ziren lanean autonomo gisa Iñaki Urrutia eta Mikel Iparragirre. «Iruritara etorri ginenean beldurra genuen, Elizondo Baztango erdigunean baitago, baina aldaketa hoberako izan da. Leku gehiago dugu guk lan egiteko eta bezeroek kotxea uzteko. Gainera, behar badute, bezeroei kotxea eramaten diegu».

Mekanika azkarra lantzen dute bertan; «olio eta balazta pastillen aldaketak, konponketa elektronikoak, 3.500 kilo arteko ibilgailuen mantentze lan orokorrak…». Azkeneko urteetan «lan aunitz» izaten dute; «kotxe elektrikoen inguruko dudak ditu jendeak, ez dakite erosi edo ez, eta oraindik kotxe zaharrarekin ibiltzen dira. Hortaz, lehenago egiten ez ziren konponketak egiten ditugu».

Batzuk autoak gustuko dituzte, bertze batzuk beharrezkoa dutelako erabiltzen dituzte, «baina jendeak orokorrean ongi zaintzen ditu ibilgailuak. Hobe da konponketak tenorez egitea, kasurik egiten ez bazaio aberia haunditzen ahal delakoz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun