Giro ederrean ospatzen ari dira Elizondoko feriak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 27a, 12:30
Behi azienda batzuk Merkatuko Plazara sartzen gaur goizean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Udazkeneko eguraldi ederra lagun, giro bikainean ospatzen ari dira Elizondoko feria eguna. Urtero bezala, 300 postu inguruk bete dituzte Elizondoko karrikak ferietan. Bertakoak zein kanpotik etorritakoak, gustu guziendako produktuak saltzen ari dira: jatekoak, arropak, jostailuak, diskoak,  artisau-lanak, motxilak, galtzerdiak, diru-zorroak… aurten 40 bat postu berri badira. Eta noski, aziendek bete dute Merkatuko plaza. Behiak, ardiak, zaldiak… 500 azienda buru inguru bildu dira eta batzuen sarrera ikusgarria izan da, goitiko argazkian ageri denez. Laxoko frontoian, berriz, nekazaritzako makinak, tresnak eta lanabesak dira nagusi.

Elizondoko ferietan jende eta azienda ugari Merkatuko plazan. Argazkia: Ondikol

 

Gasna lehiaketa

Joan den urteko arrakasta errepikatu nahian, Elizondoko Ferietako II. Ardi Gasna Lehiaketa ere egin dute. 13:00etan gasna irabazlea enkantean aterako dute. Trikitixa soinuak alaituko du jarduera eta bertako ekoizle eta artisauen azoka ere izanen da.

 

Pilota partida arratsaldean

Arratsaldean, berriz, Asperen pilota jaialdia izanen da Baztan frontoian, 18:00etatik aitzinera. Bi partidu jokatuko dituzte; lehenbizikoan Egiguren V. eta Bikuña, Mata eta Tolosaren kontra arituko dira. Partida nagusian, berriz, Elezkano II. eta Martija, De la Fuente eta Zabaletaren kontra. Aingeru de la Fuente eugiarrak bere debuta izanen du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun