IDEA enpresak Elizondoko zahar etxearen publifikatzea oztopatu nahi duela salatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 19a, 10:30

Patronatuak 61.601 euroko kalte ordaina adostu zuen kontratua lehenago eteteagatik, baina IDEAk 644.000 euro eskatu ditu

IDEA enpresaren kudeaketarekin desadostasunak direla eta, Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko patronatuak enpresaren kontratua urriaren 31n etetea erabaki zuen. Horrela, azaroaren 1etik aitzinera Zaintza Lanak Baztan SL enpresa publikoa arduratuko litzateke kudeaketaz. Baina IDEAk kontratu etetea bertan behera uzteko eskatu du auzien epaitegian. Baztango Udalak horren aurkako helegitea aurkeztuko du, eta orain epaitegiak erabaki beharko du kautelazko neurria hartu ala ez.

Udalak azaldu duenez, egoera honetan «hiru agertoki posible» izan daitezke:

  • Epaitegiak IDEAren kautelazko neurria onartzea erabakitzen badu, egoitza kudeatzen segituko dute, ziurrenik, kontratua akitu arte, 2024ko ekainera arte.

  • Epaitegiak kautelazko neurriak onartzen ez baditu, urriaren 31n IDEAk egoitza utzi beharko du.

  • Epaitegiak kautelazko neurriak onartzen ez baditu, baina erabakia urriaren 31ren ondotik hartzen badu, IDEAk geroago utzi beharko du egoitza, ziurrenik azaroan.

Etetearen aitzinatzea

IDEAren kontratua 2024ko ekainean etetea aurreikusia zuen patronatuak, baina etete hau aitzinatzea erabaki zuten. Azaldu zutenez, «IDEAk egoiliar gehiago hartzeko interesa du etekinak lortzeko; aitzitik, Patronatuak egoiliar gehiago ez hartzea behar du, 2024ko apirilean egoitza berritzeko lanak hasiko direlako, eta dozenaka egoiliar birkokatu beharko direlako».

Etetea urriaren 31ra aitzinatu zutenez, 61.601 euroko kalte ordaina adostu zuten, «gelditzen diren zortzi hilabeteetan 145 erabiltzailerekin irabaziko luketena, banaz bertzekoa txikiagoa den arren», baita inbertsioak eta stocka ordaintzea ere.

Hala ere, udalak adierazi du «ez dela nahikoa IDEArendako, 644.000 euro eskatzen baitzituen; kontratuaren azken hilabeteetarako aurreikusitako etekinengatik, egindako inbertsioengatik, stockagatik, Merkataritza Funtsagatik, Know Howagatik, ISO kalitateagatik eta gehigarriengatik».

Honez gain, salatu dute «bertze behin ere IDEAk auzitegien bidea hartu duela. Behin eta berriz erraten dute gehien inporta zaiena egoiliarrak eta langileak direla, eta solas egin behar dela, baina praktikan, auzitegietara jo dute publifikazioa geldiarazteko eta egoitzaren aurka joateko».

Jakinarazi dutenez, «datozen hilabeteak ez dira errazak izanen, baina Baztango Udaletik argi utzi nahi dugu Udalarendako garrantzitsuena Baztan eta bertako biztanleak direla, eta kasu honetan, zahar etxea, bertako egoiliar, senide eta langileekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun