Elizondoko zahar etxea publikoa izanen da azaroaren 1etik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 11a, 20:00

Zaintza Lanak Baztan SL merkataritza-sozietateak kudeatuko du Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitza

Elizondoko zahar etxeko patronatuak erabaki du 2024ko ekainerako aurreikusita zegoen IDEA egungo enpresa kudeatzailearen kontratuaren amaiera aitzinatzea, «egoitzaren erreformaren ondorioz, IDEAren eta patronatuaren interesak bateraezinak direlako». Horrela, azaroaren 1etik aitzinera Zaintza Lanak Baztan SL merkataritza-sozietateak kudeatuko du egoitza.

Baztango Udalak azaldu duenez, «zilegi denez, etekinak areagotzeko helburuarekin, IDEAk egoiliar gehiago hartzeko interesa du. Aitzitik, patronatuak egoiliar gehiago ez hartzea behar du, 2024ko apirilean hasiko baitira egoitza eraberritzeko lanak, eta horiek irauten duten bitartean, egoitzak har dezakeen egoiliarren kopurua murriztu eginen da».

Gaur egun 155 plaza ditu zahar etxeak, eta eraberritze lanak akitzean 99 egoiliarrendako lekua izanen duela aurreikusi dute. Beraz, «obrak hasi aitzinetik dozenaka egoiliar bertze egoitza batzuetara lekualdatu beharko dira, eta egoiliar gehiago hartzeak aunitz zailduko luke egoiliarrak birkokatzeko prozesua».

Hori dela eta, patronatuak erabaki du IDEAk urriaren 31n uztea egoitza, eta 61.601 euroko kalte-ordaina ematea kontratutik gelditzen diren 8 hilabeteengatik.

Zaintza Lanak SL

IDEA enpresarekin kontratua etenda, egoitzaren kudeaketa 2022an sortutako Zaintza Lanak Baztan SL merkataritza-sozietatearen esku geldituko da. Udalaren osoko bilkurak udal-enpresari eman zion egoitza kudeatzeko ardura, eta enpresa horrek joan den astean onartu zuen eskakizuna, administrazio-kontseiluak egindako lehenbiziko bileran. Egoitzaren kudeaketa onartzeaz gain, administrazio-kontseiluak gerentea kontratatzea erabaki zuen, eguneroko kudeaketaz arduratuko dena.

Aitzinera begira, «Zaintza Lanak Baztanek batzarrak antolatuko ditu egoitzako langileekin eta egoiliarren senideekin, egoitzaren kudeaketa aldaketaren berri emateko eta egon daitezkeen zalantza edo kezkei erantzuten saiatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun