Nola definituko zenuke zeure burua?
Gartzainen sortu eta bizi den 24 urteko mutiko alaia.
Zein dira zure zaletasunak?
Kirola egitea bereziki, azken aldian frontenisean eta palan jokatzea gustatzen zait. Horretaz gain, lagunekin mendira joatea ere maite dut.
Zein ikasketa egin dituzu?
DBHko ikasketak Lekarozko institutuan egin nituen, eta ondotik Mantenimenduko Erdi eta Goi maila Berako Toki Ona institutuan.
Herriko bestak hurbil dituzue. Gogotsu? Bestazalea zara?
Bai, gogotsu hartzen ditut herriko bestak. Herriko lagunekin gustura egoten naiz eta antolatzen ditugun ekintzekin sortzen den giroa aunitz gustatzen zait. Besta egitea gustuko dut, baina ez naiz astebururo ateratzen den horietakoa. Batzuetan, denbora hori bertze gauzak egiteko aprobetxatzen dut.
Zein da ttikitatik duzun lehen oroitzapena bestetan?
Egia erran ez dakit zein den lehen oroitzapena, baina bat aipatzekotan, lagunekin haurren egunean antolatzen ziren jokoetako arras oroitzapen politak ditut.
Eta gaur egun zein da gehien gustatzen zaizun eguna?
Lehendabiziko eguna, besten hasiera gogotsu hartzen baita beti. Gainera, egun horretan mus txapelketa jokatzen da eta aspalditik bertan parte hartzeko ohitura dut.
Bestaren aitzinetik prestaketak datoz. Lan haundia izaten da?
Bai, lan haundia izaten da, baina gazte guztien artean antolatzen ditugu, herritar guziak kontuan hartuz: haurrak, gazteak eta helduak.
Zerk egiten ditu berezi Gartzaingo bestak?
Besta herrikoiak direla, adin guzietako herritarrak biltzen gara egun horietan, giro ederra sortuz.
Eta zer falta dute?
Kanpoko jende gehiago etortzea.
Zein dira zure asmoak epe motzera?
Familia eta lagunekin zoriontsu izatea.
Eta epe luzera?
Bizitzan paratutako helburuak betetzen saiatzea, betiere zoriontsu izanik.