Hemendik Saria hartuko du gaur arratsaldean Jose Manuel lñarrea erratzuarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 5a, 11:30

Laboral Kutxa Deia Hemendik Sarien XVI. edizioko sariak banatuko dituzte gaur arratsaldean Mungialdean (Bizkaia) eta zortzi lagunek eta taldek egindako ibilbidea aitortuko dute hitzorduan. Saria hartuko duenetako bat izanen da sortzez erratzuarra den eta Laukizen (Bizkaia) bizi den Jose Manuel Iñarrea. Draveten gaixotasunari ikusgarritasuna emateko tontorrez tontor egiten ari den ekimen solidarioa aitortu nahi dute.

Draveten sindromeari ikusgarritasuna emateko mendiz mendi dabil azken urteotan Jose Manuel Iñarrea Rekarte erratzuarra. Bertzeak bertze, Europako Mendietan, Pirinioetan, Alpeetan eta Andeetan ibili da.

2.000 metroko altueratik goitiko 50 mendi tontor baino gehiago zanpatu ditu. Tartean, 2017az geroztik Aconcagua (6.961 metro), Mont Blanc (4.809 metro) eta Cervino (4.478 metro) gailurretara igo da, eta bortz egunez Pirinioetan ibili da uda honetan, Aneto (3.404 metro), Posets (3.368), Monte Perdido (3.355 metro), Vignemale (3.298 metro) eta Balaitús (3.144 metro) igoz. Horiek baino lehenagotik Pic Long (3.192 metro) eta Neouvielle (3.091 metro) ere igo ditu erratzuarrak uda honetan, bi egunez.

Afrikako Kilimanjaro du begiz jotako hurrengo erronka. Afrikako gailurrik garaiena da Kilimanjaro (5.895 metro), Tanzaniako ipar mendebaldean dagoena. Pare bat aldiz gibelatu behar izan du Kilimanjarorako ateraldia, eta azkenean, heldu den otsailean eginen duela iragarri du. Gaineratu duenez, Himalaiara ere joan nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun