Arxuria

Baztango Geroa Baik EH Bilduri leporatu dio berek onartu eta tramitatutako proiektuaren kontra agertzea

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 4a, 16:00

Arxuri aldea Urbiako lepotik

Irailaren 28an Arxuriko pistaren moldaketa gelditzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk osoko bilkuran. Mozioa ez zen aitzinera atera, EH Bilduren aldeko sei botorekin eta gainerako alderdi guzien kontrako zazpi botorekin.

Baztango Geroa Baik adierazi duenez, «EH Bilduk ez du onartu nahi oraingoan ez duela gehiengo absoluturik Baztango Udalean, eta ez diola balio 'nik agindu eta zuek isilik obeditu' tankerako usteak. Geroa Baik egin zuen posible dirulaguntza izenduna, Nafarroako Gobernuak % 100ean finantzatua, pista hori konpontzeko. Baina bozketa galdurik, bere haserrea erakutsi du orain Bilduk».

Azaldu dutenez, «bere garaian EH Bilduk proposamena onartu eta bere egin zuen. Berek sinatu baitzuten hitzarmena Nafarroako Gobernuarekin, berek hartu baitzuten ardura proiektua idazteko, berek esleitu baitzituzten lanak eta oraingo alkateak sinatu baitzuen hitzarmenaren eranskina. Orain, proposamenaren ukazioetan ibiltzeak aski gaizki uzten du beren aitzineko taldea, orain gibelerat bota nahi baitute aitzinekoek egindako lana».

Arxuriko pistaren moldaketak «fabore ederra egiten die beren aziendak inguruetan bazkatzen dituzten baserritarrei; handik pasatzen diren guziei, delta hegaletan edo parapentean ibiltzeko ere; eta mendizale eta ibiltariei, askatasunarekin ibiltzeko duten eskubidea indartuz. Gainera, honen guziaren kalteturik haundiena Baztango Udala bera izanen litzateke, EH Bilduk zuzenean enkargatu zituen gastu guziak ordaindu beharko bailituzke orain: memoria, proiektua eta gainerako gastuak».

Gainera, «EH Bilduk dioenez, lanek aitzinerat segitzearen alde agertuz gero, 'hiritarrek' behar ez duten zerbait bulkatzen ari omen gara. 'Herritar' izenak, ordea, haiei botoa eman dioten herritarrak dira kasu honetan. Hori erranez, bertzeak soberan baitituzte eta haiek baitira egia osoa duten bakarrak».

Azkenik, Geroa Baik EH Bilduri leporatu dio agintaldi honetan «ez duela ideia berririk ekarri», eta horren ordez «berek onartu eta tramitatutako proiektu baten kontra agertu dela». Geroa Baik gaineratu duenez, «Baztanen 26 urte segidan daramagu ume sortu berriak baino hildako gehiagorekin; gure ekonomia gero eta beheitiago doa; aunitz baztandar Iruñera lanera joan eta han gelditzen dira bizitzen; salerosketako dendak hesten ari dira, eta banku bulegoak ere. Horrek guziak izan behar luke gure kezka nagusia eta konpontzen ahalegindu behar dugu, eta ez funts gabeko eztabaida artifizialak sortzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun