Duela lau urtetik honat, mendizaletasuna erronka solidario bihurtuta, Draveten gaixotasuna ikusgai egiteko munduko tontorrik adierazgarrienak igotzen ari da Jose Manuel Iñarrea erratzuarra. Bertzeak bertze, Europako Mendietan, Pirinioetan, Alpeetan eta Andeetan ibili da. Abuztuan Pirinioetako bortz mendi adierazgarri igo nahi ditu eta urrian Afrikako mendirik garaieneko gailurrera ailegatu nahi du, Kilimanjarokoa.
Zehazki, abuztuaren 21etik 25era Aneto (3.404 metro), Posets (3.368 metro), Monte Perdido (3.355 metro), Vignemale (3.298 metro) eta Balaitus (3.144 metro) igotzeko asmoa du Iñarreak. Berriki, Pic Long (3.192 metro) eta Neouvielle (3.091 metro) ere igo ditu erratzuarrak, bi egunez.
Baina Pirinioetako igoera hauen ondotik, bertze bat ere badu begiz joa erratzuarrak: urrian Afrikako gailurrik garaienera ailegatu nahi luke, Kilimanjarora (5.895 metro), Tanzaniako ipar mendebaldean.
2017. urtetik honat, bi mila metro baino gehiagoko berrogeita hamar gailur baino gehiago zanpatu ditu. Aconcaguara igo zen (6.961 metro), baita Mont Blanc (4.809 metro) eta Cervino ere (4.478 metro), baina bere ametsa Himalayara ailegatzea litzatekeela onartzen du, «Dravet gaixotasunaren ikerketaren aldeko ikurra munduko gailur handienetara ailegatu dadin».