Canteras Acha S.A. enpresak Almandozko harrobia haunditzeko proiektua aurkeztu zuen 2020an, eta honen kontrako helegitea aurkeztu zuen Almandozko Herriak. Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak helegiteari ezetza eman eta proiektua onartu zuen. Honen aitzinean, Almandozko Herriak eta Baztango Udalak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten joan den urtean.
Errekurtsoan, bertzeak bertze, argudiatu zuten proiektuak ez lukeela kanposantuaren eremua errespetatuko. Izan ere, «harrobiek azpiegitura eta zerbitzu hauenganako 40 metroko distantzia minimoa mantendu behar dute, leherketa, bibrazio eta lur-jausiek sor ditzaketen kalteak ekiditeko». Proiektuan, enpresak ez ditu eraikintzat hartu kanposantua eta bertako etxola, gorpuen biltegi gisa erabiltzen dena.
Departamentuaren azken erresoluzioan, Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak herriaren errekurtsoa onartu du eta kanposantua eta gorputegia eraikintzat hartu ditu. Beraz, kanposantua proiektuaren elementu mugatzailea izanen litzateke eta segurtasun distantzia mantendu beharko litzateke. Ondorioz, proiektuaren onarpena baliogabetu dute.