Hasteko, Baztango Udalak proiektua onartu izana gezurtatu dute: «enpresa sustatzaileak proiektua udalari aurkeztu ziola eta honek onartu zuela dio. Baina Batzar Orokorra, lur komunalen gaineko eskumena duen erakundea, lur okupazioaren eta proiektuaren kontra agertu zen 2020an. Gaur arte, ez da erabakia atzera bota eta udalak ez du iritzi aldaketarik adierazi».
Kanposantua
Honez gain, «proiektuak ez luke kanposantuaren eremua errespetatuko. Enpresak ez du kanposantua eta bertako gorputegia eraikintzat hartzen, nahiz eta eraikin hitzaren definizioa eta legeak ezartzen duena bete. Iraingarria da gorpuen biltegia erlauntza batekin, zakurren kaseta batekin edo tresnak gordetzeko etxola batekin parekatzea. Horrek aunitz haserretu gaitu».
Kanposantuaren izaera publiko eta iraunkorra «ezin daitekeela zalantzan paratu» gaineratu dute; «1945etik zerbitzu publiko bat eskaintzen du, Nafarroako udalerriek derrigorrez eman behar dutena». Gainera, «leku erlijiosoa da, gehienetan apaizak egiten baititu hilobiratzeak, eta bertan daude lurperatuak herritarren arbasoak. Gure hildakoek errespetua eta deskantsatzeko leku duina merezi dute».
Meatzeen legediaren arabera, «harrobiek azpiegitura eta zerbitzu hauenganako 40 metroko distantzia minimoa mantendu behar dute, leherketa, bibrazio eta lur-jausiek sor ditzaketen kalteak ekiditeko. Jarduera hauek eraikin eta zubiak kaltetzen badituzte, arrailak eta pitzadurak sortuko lituzkete hilerri, hilobi eta gorputegian ere. Herritarrek urte osoan bisitatzen dute kanposantua; zer nolako segurtasun eta duintasuna izanen dute? Ziur gaude proiektua Iruñean, Tuteran, Tafallan, Elizondon edo bertze edozein herritan egingo balitz, balorazioa bertzelakoa izanen litzatekeela».
Askak, iturburuak eta kanalizazioak
Proiektuaren eremuak ez luke legeak ezarritako 100 metroko distantzia mantenduko zenbait aska, iturburu eta kanalizaziorekin. «Departamentuak dio IDENAn (Nafarroako Datu Espazialen Azpiegituran) ez dutela batere aurkitu, baina baditugu bertan erregistratuak ez dauden azpiegiturak, adibidez, herriko ur hoditeria». Gainera, «departamentuaren erranetan, ez da hauen kokalekuaren edo existentziaren frogarik aurkeztu, baina errekerimenduan argi utzi genuen asken eta iturburuaren kokalekua eta harrobiarekiko distantzia».
Aldatz-Larraungo harrobiaren kasua
Honez gain, «herriaren araberako irizpideen desberdintasuna» salatu dute: «joan den astean komunikabideetan ikusi genuen Aldatz-Larraunen ez dutela harrobia haunditzeko proiektua onartu kamioiak herritik pasatzen direlako. Gure kontura irri egiten ari direla dirudi, herri batean ez dute proiektua onartu astean 30 kamioi pasatzen direlako, eta Almandozen, egun bakarrean aunitzez gehiago pasatzen direla, proiektuarekin aitzinera segitu nahi dute».
Azkenik, Sarrateak adierazi du «harrobia haunditzeko baimena ahoz eman digutela, baina ez zaigu dokumentu ofizialik ailegatu. Horregatik, atea irekita utzi nahi dugu departamentuak iritziz aldatu eta gure hitza errespetatzeko».