Inauteriak 2023

«Denbora luzean ikusi ez duzun jendearekin elkartzeko besta da inauteria»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 15a, 15:00
Beñat Verde (erdian) lagunekin mozorrotua.

21 urteko elizondoar gaztea da Beñat Verde Mugiro, «inplikatua eta bestazalea, inguruko jendea zaindu eta maitatzen duena». Elizondo maite du eta «saltsa guzietan egotea eta inplikazio haundiz erantzutea» du gustuko, hortaz, Besta Komisioan sartu zen joan den urtean, eta Elizondoko alkatetza taldean aurten.

Azaldu duenez, «herri batek bizirik iraun eta aitzinera egiteko, ezinbertzekoa da herritarren parte- hartzea. Egia da Elizondo arras bizirik dagoela eta gazte gehienek laguntzen dutela, baina lan haundiko datak hurbiltzean laguntza guzia ongi etorria da».

Besta komisioan ardurak banatzen dituzte; «bakoitzak nori deitu eta gainerakoak denen artean eginez». Herriko taldean, berriz, «sare sozialak eramaten ditut, baina ez daukat bertze ardura zehatzik». Inauterien antolakuntzan ari dira orain lanean, «baina herriko bestekin edo feriekin konparatuta, erran daiteke ez duela ia lanik suposatzen. Hala ere, dena bikain ateratzea nahi badugu, gauza ttiki aunitz egin behar ditugu».

Antolatu ondotik, inauteriez gozatzeko momentua izanen du: «48 orduko besta luze eta intentsoa da, denbora luzean ikusi ez duzun jendearekin elkartu eta tarte goxo bat partekatzeko». Gustukoen duen jarduera «besta egun bakoitzari hasmentan ematen dion gosaria» da. Hala ere, antolakuntza taldean egonda, egun hauek «ardura punttu batekin» bizitzen direla aitortu du.

Azken urteetan, Elizondoko gazteek puska biltzearen ohitura berrartu dute; «goizean goiz bakoitzak bere lagunekin gosaria egin ondotik, gaztetxean biltzen gara denak, eta herriari buelta ematen diogu kantatuz, dantzatuz eta puxkak eskatuz, trikitixa eta panderetak alaiturik. Arras egun polita izaten da, adin guzietako gazteak elkarrekin ibiltzen baikara. Ibili izan naizen urteetan anaitasun haundia sentitu izan dut, eta horrek poz haundia ematen du».

Honez gain, danborradan parte hartzen du Verdek, eta «nahiz eta azkeneko urteetan ezin izan dudan larunbateko desfilean atera, aurten bai. Ez gara aunitz izanen, batzuk kanpoan edo lanean egonen direlako, baina hala ere ateratzea erabaki dugu, eta egia erran arras gogotsu nago». Horretarako, lehenbiziko dena prestatzea beharrezkoa da; «aurten Eguberriak pasatuta segidan hasi ginen orga prestatzen, baina gaia pentsatzen hilebate batzuk lehenago hasi ginen».

Azkenik, herritar guziei eskaera egin die «egun hauek errespetuz bizitzeko, aunitzez gehiago disfrutatuko baitugu denok».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun