'Bittori Etxeberria' eskultura oroigarriaren interpretazioa azaldu du Mikel Iriarte artistak

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 29a, 17:00

Frankismoan euskal erresistentzian parte hartu zuten baztandarrak omendu zituzten asteburuan Elizondon, eta 'Bittori Etxeberria' eskultura inauguratu zuten Pedro Axular karrikan

Mikel Iriarte eskulturaren egileak azaldu duenez; «eskultura Markinako marmol beltzean egina dago. Oinean, altzairuzko xafla borobilean, hauxe dago idatzita: BAZTANDIK EUSKAL HERRI OSORA ASKATASUNEN ALDEKO SAREA HEDATU ZUEN BITTORI ETXEBERRIA ETA BERE KIDEAK GOGOAN Esteban Etxeberria , Agustín Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza 1931-1941».

Eskulturak «paperezko mezu biribildu bat» irudikatzen du. Izan ere, «Bittorik eratu eta gidatu zuen Alava sarea, informazioak bilatu, eskuratu eta bideratzeko sortu zen, bertzeak bertze. Irudiari bertze begirada bat emanez gero, ikusten da emakumezko bat soinekoz jantzita, erdi ezkutatuta dagoela. Emakumearen aurpegiak ez du biderik ematen nor den jakiteko, izan ere isilpeko lanetan dabil, identifikatua ez izateko. Marmol beltzean egin izana ez da ustekabeko kontua. Bittorik garai zail, estu eta ilunetan jardun behar izan zuen halabeharrez, eta horrelakoetan marmolaren pareko tinkotasuna erakutsi zuela, zalantzarik ez dago». Artista arizkundarrak gehitu duenez, «aipatutakoa Bittoriren taldekide guztiei zabalduta dago».

'Bittori Etxeberria' eskultura Elizondoko Pedro Axular karrikan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun