Frankismoan euskal erresistentzian parte hartu zuten baztandarrak omendu dituzte Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 28a, 15:30

Bittori Etxeberria, Esteban Etxeberria, Agustin Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plazaren oroimenez eskultura inauguratu dute Pedro Axular karrikan

Argazkiak: Ondikol

Baztango Udalak eta Elizondoko Herriak frankismoaren oldarraldian euskal erresistentziaren parte izan ziren baztandarrei omenaldia egin zien joan den larunbatean Elizondon. Mikel Iriarte arizkundarraren eskultura inauguratu zuten, Alava Sareko parte izan ziren Bittori Etxeberria, Esteban Etxeberria, Agustin Ariztia, Felicitas Ariztia eta Timoteo Plaza oroitzeko.

Abesbatzaren plazan izan zen ekitaldi nagusia eta hainbat herritar bildu ziren, haien artean omenduen familiak eta Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea. Hizlariak Mirentxu Oiartzabal (parlamentari ohia, Baztango zinegotzi ohia eta omenduen laguna), Ana Ollo (Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburu) eta Joseba Otondo Baztango alkatea izan ziren. Bertzeak bertze, bortz omenduen eta bertze hainbertze herritarren lana goraipatu zuten eta memoria historikoaren garrantzia nabarmendu zuten.

Ondotik, Josune Makibarrek eta Mari Jose Alañak kanta bat eskaini zuten, Amaia Kordobarekin pianoan, eta Maddi Melladok biolin-pieza bat. Azkenik, eskulturaren aitzinean Baztandarra Dantza Taldeak eta Jo ala Jo elkarteen eskutik aurreskua dantzatu zuten eta familiako kideek zein herritarrek lore eskaintza egin zuten.

Bittori Etxeberria

Bittori Etxeberria (Elizondo, 1908-1997) Alava Sareko parte hartzailea izan zen, hau da, frankismoaren sorreran Eusko Jaurlaritzaren eskariz iheslariei muga pasatzen laguntzen zuen eta espioitza lanak egiten zuen sareko kide. Etxeberria bereziki nabarmendu zen garai hartan, bera izan baitzen sarea Euskal Herri osora hedatu zuen bultzatzaile nagusia.

Sarea 1940an desegin zuen frankismoaren poliziak, naziek Paris hartu zutelarik, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan atzemandako informazioarengatik. Sareari esker, ehunka lagunek frankismotik ihes egin ahal izan zuten, errepresaliatutakoei laguntza eman ahal izan zitzaien eta Eusko Jaurlaritzarendako baliagarria zen informazioa eskuratu ahal izan zen.

Horrez gain, aipagarria da II. Errepublikaren garaian erakutsi zuten konpromisoa. Horretan ere Bittori Etxeberria nabarmendu zen, Emakume Abertzaleen Batza antolatu baitzuen Baztanen; bertze hainbatekin Baztango lehendabiziko ikastola sortu eta abertzaletasunaren bultzatzailea ere izan baitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun