Sonia Lopez Igartua

«Zorioneko sentitzen naiz hainbertze gustatu zaidan lan batean aritu izanagatik»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 25a, 08:30
Ezusteko omenaldia egin zioten Lopezi bere azken lan egunean. Ondikol.

1978ko martxoaren 1ean hasi zen Baztango Liburutegi Publikoan lanean Sonia Lopez Igartua eta aurten, 44 urteren ondotik, erretiroa hartu du.

Azken 51 urteetan, liburutegia ireki zenetik, «aunitz» aldatu dela dio Lopezek, hiru kokaleku izan baititu: «1971tik 1986ra udaletxeko beheko solairuan zegoen. Isiltasunean egoteko eta ikasteko lekua zen, ez zituen liburu aunitzik. Gero Arizkunenera mugitu ginen, eta ttikia eta irisgarritasun eskasekoa bazen ere, leku atsegin eta erosoa zen. Orduan hasi ginen ekitaldi kulturalak egiten eta ordenagailuak, bideoak, CDak… sartzen. 2010etik Elizondoko antzinako merkatuan dago liburutegia; dinamikoagoa da, jendea ikastera etortzen da eta hainbat jarduera kultural egiten dira bertan».

Gizartearekin batera, liburutegia aldatuz doa urteekin; «guttinaka bailarako bizitza kulturalean lekua egiten hasi da eta gaur egun bertze eragile kulturalekin batera aritzen da elkarlanean».

Erretiroaren argi-itzalak

44 urteren ondotik, erretiroa hartu zuen uztailaren 22an Lopezek, eta bere alabek ezusteko despedida antolatu zioten; «ez nuen espero eta harrituta eta emozionatuta gelditu nintzen. Egun berezia, polita eta hunkigarria izan zen». Erretiroa «gogotsu» hartu duela dio, baina «hainbertze irakatsi eta lagundu didan jendearen hutsunea» nabarituko duela aitortu du; «zorioneko sentitzen naiz hainbertze gustatu zaidan lanpostu batean aritu izanagatik».

Oraingoz, alabak hartu du bere lekua; «satisfazio haundia da ama eta profesional gisa liburutegiarekiko maitasuna transmititu izana. Esperientzia haundiko profesionala da eta ezagutza, energia eta ilusio haundia ekarriko dizkio liburutegiari».

«Ordutegirik gabeko bizitzaz gozatzeko unea» du orain; «bidaitzea eta irakurtzea gustuko dut, hizkuntzak ikasten segitu nahiko nuke eta batez ere egunerokoaren lasaitasunaz gozatzen, lagunekin kafea hartzen…». Azkenik, liburutegia «herritar guziena dela» adierazi nahi izan du; «etorri, gozatu, zaindu eta etxean bezala sentitu, liburutegia denona baita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun