Idoia Sobrino Lopez

«Liburuzainen lana jakintza eta kultura kudeatzea da»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 25a, 08:00
Idoia Sobrino Lopezi egokitu zaio Sonia Lopez Igartuaren lekukoa hartzea Baztango Liburutegi Publikoan.

44 urtez Baztango liburuzain izan ondotik, udan erretiroa hartu zuen Sonia Lopezek. Orain, Nafarroako Gobernuaren zerrendetatik hala tokatu zelako, bere alabari egokitu zaio lanpostua, eta etorkizuneko erronkei begira ari da Idoia Sobrino.

Gogotsu hartu duzu kargua?

Bai, ttikitatik argi izan dut liburuzaina izan nahi nuela eta nahiko argi nuen ere Baztanen lan eta bizi nahi nuela. Atzerrian bizi izan naizenean arras gustura egon naiz eta arras aberasgarria egin zait bertze hizkuntza, kultura eta bizitzeko manerak daudela ikustea eta ikastea. Hori nire lanerako ere garrantzitsua da, liburuzainaren lana kultura eta jakintza kudeatzea delako. Eta hori guztia orain Baztanen praktikan jartzeko gogoz nago.

Esperientziarik duzu liburuzain lanetan?

Bai, duela 17 urte hasi nintzen ofizioan, Bibliotekonomia eta Dokumentazioa karrera ikasten ari nintzenean. Bartzelonan eskola liburuzain izan nintzen, baina liburutegi publikoei dagokienez, Baztanen izan nuen nire lehendabiziko lana, ordezkapen motzak egiten. Gero hainbat liburutegi gehiagotan egin izan dut lan, bai liburutegi publikotan baita liburutegi espezializatutan eta liburutegi unibertsitariotan ere. Liburuzain aritzeaz gain, dokumentalista lanetan ere aritu izan naiz. Karrerak hainbat irteera eskaintzen ditu.

Hala ere, zure herriko liburutegian lan egitea berezia izanen da, ez?

Bai, dudarik gabe. Niretzat Baztango Liburutegi Publikoa nire bigarren etxea da. Ama betidanik ezagutu dugu bertan eta nire ahizpek eta nik haurtzaro eta gaztaro erdia pasatu dugu hor. Karrera egiten hasi nintzenetik ere beti izan dut burutan ez bazen eskola liburutegi batean, Baztango Liburutegi Publikoan lan egin nahiko nukeela. Orain ailegatu zait aukera. Momentuz plaza hau bakante bat da eta Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen behin-behineko liburuzainen zerrendatik betea izan da, kasualitatez niri egokituz, baina hurrengo oposizioan beteko da behin betiko. Ea orduan plaza ateratzea lortzen dudan…

Zer da zuretako liburutegia?

Liburutegi publikoak kultura eta jakintza kudeatzeko guneak dira, jendarteari topagune bat eskaintzen diotenak. Antzinako Grezian jada horrela erabiltzen ziren eta gaur egun ere horretan segitzen dugu, afera ez da hainbertze aldatu; kultura eta jakintza horiek zein euskarritan partekatzen diren da aldatu dena, noski, liburutegi digitaletan bitartez ere, baina hori medioa da, ez azken helburua. Bertze liburutegi motek bertze helburu batzuk dituzte, ikasketei lotutakoak adibidez eskola liburutegien kasuan, edo ikerkuntzara bideratutakoak, liburutegi unibertsitarioetan.

Zein behar ikusten dituzu Baztango liburutegietan?

Hasteko, langile gehiago behar dira. Eskola liburutegietan liburuzain kopurua zero da, eta Baztango Liburutegi Publikoan, bat bakarra, ni. Zerbitzu publiko oso bat ezin da pertsona bakarraren gain utzi, are gehiago langile horren oporrak eta bajak ez direnean ordezkatzen, adibidez. Kasu horietan, edo langileak bilera bat duenean, adibidez, herria zerbitzu publikorik gabe gelditzen da. Eta irekia dagoenean ere, arras ordutegi murriztua eskaintzen zaio herriari, langile bakar batek ematen ahal duenaren neurrikoa. Hori ez da nahikoa. Hortaz gain, liburutegiaren eraikinak gabezi aunitz ditu: ez du leihorik eta ezin da aireztatu, ez du apenas paretarik eta ezin dira behar bezain bertze apalategi jarri, ez du erabilera anitzeko gelarik, erreka azpitik pasatzen zaio eta ez dago behar bezala isolatuta… 'Polita' izatearen aitzakian, praktikotasuna bigarren plano batean utzi zen eraikin berria egin zenean. Alde on bat aipatzearren, kokapena azpimarratuko nuke.

Zer ekar diezaioke belaunaldi aldaketa honek liburutegiari?

Erronka itzela daukat amak egin duena hobetzeko [irriz]! Gauza aunitzetan segida emanen diot berak hamarkada hauetan egindako lanari, ongi eginak baitaude eta eskertzekoa da liburutegia baldintza hauetan jasotzea. Baztanek dituen gainontzeko eragile sozial eta kulturalekin sarea indartzen saiatuko naiz, baita gainontzeko liburutegiekin ere. Aunitzetan asmoak haundiak izaten dira baina gero, langile bakarra izanda, ezinezkoa da denera ailegatzea, jarduerak prestatu bizkitartean fakturak ez direlako bere kabuz kudeatzen, edo liburutegira zein pelikula, musika, aldizkari, liburu ekarri erabakitzeko, lehenik zein xahutu erabaki behar duzulako, adibidez. Horrek lan handia eskatzen du, zer erosi eta zer kendu irizpide profesionalen eta Baztanek dituen behar zehatzen arabera egin behar delako, liburutegiko erabiltzaileak diren eta ez diren guztiak kontuan hartuta, zerbitzu publikoa denena eta denendako delako. Behin materiala erosita, hura katalogatu eta txaplatak, zigiluak, etab. jarri behar dira, nobedadeen buletina diseinatu, maketatu, inprimatu… Lan horiek guztiak, gainera, jendea artatu bizkitartean egin behar dira, eta horrek egunerokoa aunitz mantsotzen du; ohartzen zarenerako, burutan zenuen hori guztia egiteko denborarik gabe gelditu zara. Lanaldia, irakasleek dutenaren antzekoa izan beharko luke, eskolak emateko lan ordu batzuekin eta prestaketarako bertze batzuekin, dena aldi berean egitea erokeria baita. Baina halere, nire aletxoa jartzen saiatuko naiz!

Haur eta gazteak liburuetara hurbiltzea garrantzitsua da?

Bai, informazioa kudeatzen jakitea garrantzitsua dela iduritzen zait, bai haur eta gazteendako eta baita helduendako ere. Hortan eskola liburutegiek eta liburutegi unibertsitarioek paper garrantzitsua bete beharko lukete, 'informazio gaitasunak' deitzen diren trebetasunak landu eta garatzeko. Jakin badakigu eskola liburutegietan ez dela lan hori egiten eta unibertsitateetako liburutegietatik egiten saiatzen badira ere, arras modu sinbolikoan egiten dute. Ondorioz, orokorrean gizarteak zailtasunak ditu informazioa eta desinformazioa bereizterakoan. Arazoa ez da irakurtzen badakigun edo ez, baizik eta irakurtzen dugun hori baliatzen dakigun edo ez. Gure inguruan gaur egun, eta hezkuntza mailan egin den lanari esker, ez dago analfabetismo arazo nabaririk; aldiz, arazo bat dugu irakurri nahi izatearekin. Hala ere, egunerokoan etengabe ari gara irakurtzen eta idazten. Hortaz, garrantzitsua iduritzen zait haur eta gazteak liburutegira hurbiltzea, pertsona funtzionalak izateko behar dituzten tresnak eskuratzeko eta beren bizitzako bertze edozein arlotan buruaske izan daitezen.

Nolako ikusten duzu liburutegiaren etorkizuna?

Liburutegi publikoek iraganean ziren eta orain diren modu berdintsuan segituko dute, duela 5.000 urte sortu zirenetik ez baitira apenas aldatu. Sozializatzeko manerak aldakorrak dira, garaian garaikoak, baina sozializatze beharra bera ez da aldatu, eta horretarako espazioak behar izaten segitzen dugu. Espazio horiek liburutegi publikoak dira, bertze espazio batzuetan ez bezala, ez baitago sarbide eragozpenik ez klase, ez arraza, ez erlijio, ez adin, ez genero ezta hizkuntza arrazoiengatik ere. 'Herriko plazak' dira, baina informazioa kudeatzen duen profesionalen laguntza dutenak. Etorkizunean behar hori izaten segituko dugula pentsatzen dut, beraz liburutegiak egoten segitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun