Arraiozko zubia moldatzeko 100.000 euroko aurrekontua onartu du udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 6a, 16:00

Udako idorraldiak agerian utzi du Arraiozko zubiaren zutabe nagusiko zimentazio falta eta konponketa lanak hasi ditu udalak

Joan den astean egindako ezohiko bilkuran, udalbatzak Arraiozko zubia konpontzeko 99.153,57 euroko aurrekontu moldaketa onartu zuen. Moldaketa jendearen aitzinean egonen da hamabortz egunez indarrean sartu aitzinetik.

Konponketa lanak egiteko txostena LKSri eskatu dio udalak, eta bertan egin beharreko lanak eta aurrekontua zehazten ditu. Lanak egin ahal izateko ur-hesi bat egin beharko da eta ur-bonba etengabe lanean aritu beharko da ingurua lehor mantentzeko. Horrela, hormigoizko uztaia egiten ahalko da ezkerreko zutabearen inguruan eta azpian, altzairuzko barrekin lurrera josia. Lan horiek eginda, zubiaren azterketa zehatzagoa egiten ahalko da, egoera zein den ziurtasunez jakiteko.

Aipatutako lanez gain, zubi-bularrak paratuko dituzte uraren ibilgua baldintzatu gabe, egituran dauden belar, zain eta zuhaixkak kentzeko eta aldatu beharreko harlanduzko harriak aldatzeko. Gainera, ibilguraren ezkerreko aldean buxaturiko arkua garbituko dute eta zubiaren inguruko sasiak moztuko dituzte. Azkenik, lanak egiteko egindako sarbideak berreskuratuko dituzte, erreka bazterreko espezieak landatuz.

Lan hauek egin ahal izateko, Baztango Udalak lanen premiazkotasuna eskatu zion Nafarroako Gobernuari, baina ez zen onartua izan bide alternatiboa dagoelako (saihesbidea). Hortaz, ez dira izanen premiazko gisa izendatuz gero baimentzen den ezohiko tramitazioa ezta dirulaguntzak ere.

Udalak bere gain hartu beharko du konponketa eta horretarako dagokion kontu saila sortu du aurrekontuetan. Ohiko prozedura segituz, lanen esleipena hilabetez luzatuko da, aurrekontua behin betikoz onartu ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun