Azpiegituretako teknikariek Bidasoa errekaren emari txikia aprobetxatuz egiten dituzten azterketetan ikusi dituzte zubiaren egituran dauden kalteak. Arraioz zubia harrizkoa da, hiru arku ditu eta hondatu egin zen 2021eko abenduko uholdeetan. Orain, udako agorraldiarekin, teknikariek zubiaren oinarrian dauden kalteen larritasuna ikusi dute, zenbait harri-ilara galdu baitira, argazkian ikusten denez.
Florentino Goñik bilera egin du lanen ardura duten LKS Ingeniari enpresako teknikariekin. «Asteazkenean errekako amuarrainak bildu dituzte, lanak ortzegunean hasteko», erran du zinegotziak. Obrek dirauten bitartean, ibilgailuek N-121-B errepidea erabili beharko dute Arraiozko bi auzoen artean ibiltzeko. Oinezkoek, aldiz, zubia erabil dezakete.
Zubia itxia dagoen bitartean autobus geltokiak saihesbidean egonen dira: Oronoz aldera Mikolorrea parean eta Elizondo aldera Zubiriko bide-bazterrean.