Arraiozen oinezko bat harrapatu zuen autoa aurkitu dute foruzainek eta gidariak dio ez zuela biktima ikusi

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 9a, 06:30

Zantzuen arabera, Foruzaingoak uste du biktima errepidean etzanda zegoela harrapatu zutenean.

Foruzaingoak aurkitutzat eman du Arraiozen 28 urteko gazte bat harrapatu zuen autoa. Gidatzen ari zen emakumeak foruzainei erran dienez, sinetsita zegoen bere autoak matxura bat izan zuela, eta inondik ere ez zuen pentsatzen gizon bat harrapatu zuenik. Zantzu guztien arabera, gizon hori istripua baino lehen errepide erdian etzanda zegoen. Eta hori da Foruzaingoaren ustea ere, biktima errepidean etzanda zegoela harrapatu zutenean.

Autoa asteazken goizaldean bertan aurkitu zuten Arraiozen. Ibilgailua eta hura gidatzen ari zen emakumea Nafarmendi hipermerkatuko aparkalekuan zeuden geldituak, ezbeharra gertatu zen tokitik arras hurbil.
 
Harrapaketaren biktima artatzeko mobilizatutako Foruzaingoko patruilak auto hori ikusi eta gidaria identifikatzera joan ziren. Emakume horrek erran zienez, han gelditu zen uste baitzuen autoak matxuraren bat zuela, ibilgailuak portaera arraro bat izan zuelako, eta ez zuen inolaz ere aipatu pertsona bat harrapatu zuenik.
 

Kalteak autoaren azpian

Hurrengo goizean, ibilgailuaren titularra Foruzaingoaren komisariara deitu zuten, eta, ondotik, Iruñera eraman zuten. Han, lehen ikuskapenak egin zizkioten autoari eta azpian kalteak zituela ikusi zuten. Kalte horiek bateragarriak izan daitezke gorpu bat harrapatuz gero sortzen ahal diren kalteekin. Hala ere, kalte horien kokapenak adierazten du gaztea galtzadan etzanda zegoela harrapatu zutenean, eta autopsiaren txostenak berretsi egin beharko du orain gorpuak dituen lesioak horrela eragin zirela.

Gauzak horrela, autoa gidatzen zuen emakumeari ez diote oraingoz inolako deliturik egotzi, eta Foruzaingoaren hipotesia erabat berresten bada, litekeena da auzia artxibatzea instrukzioaz arduratuko den epaitegiak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun