Foruzaingoak laguntza eskatu du Arraiozen pertsona bat harrapatu eta ihes egin duen gidaria aurkitzeko

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 6a, 08:15

Oinezkoa tokian bertan hil zen kolpearen ondorioz.

Atzo asteartea, 23:45 aldera, Arraiozko Nafarmendi supermerkatuaren inguruan oinez zebilen pertsona bat azpian hartu zuen auto batek eta, laguntzera gelditu gabe, istripuaren tokitik alde egin zuen. Oinezkoa, 28 urteko gizonezkoa, tokian bertan hil zen kolpearen ondorioz.

Foruzaingoak jakitera eman duenez, istripua izan zuen ibilgailuak ihes egin zuen ezbeharraren tokitik eta hura aurkitzeko lanean ari dira orain. Edozein argibide 948 20 29 20 telefonoan eman daiteke.

Hildakoa aspalditik Baztanen bizi zen

Hildako gizonak ez zeraman soinean inolako dokumentaziorik, eta, antza denez, errepidean oinez zihoan. Foruzaingoaren jakitera eman duenez, biktima Kataluniako gazte bat da, aspalditik Baztanen bizi zena.

Istripua gertatu ondotik handik pasatzen ari zen bertze gidari batek deitu zuen 112 telefonora errepidean gorpu bat zegoela ohartaraziz. Ondotik, Foruzaingoaren patruilek eta bertara joan ziren Larrialdietako zerbitzuek gizonezkoaren heriotza baieztatu zuten. Gorpuaren ondoan txakur bat zegoen, antza denez biktimarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun