Draveten gaixotasuna ikusgai egiteko hurrengo erronka Atlas mendikatean eginen du Jose Manuel Iñarrea erratzuarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 17:00
Iñarrea joan den abuztuan Alpeetan izan zen.

Mendizaletasuna erronka solidario bihurtuta, Draveten gaixotasuna ikusgai egiteko munduko tontorrik adierazgarrienak igotzen ari da Jose Manuel Iñarrea Rekarte (Erratzu, 1970). Bertzeak bertze, Europako mendietan, Pirinioetan, Alpeetan eta Andeetan ibili da, eta uztailaren 17an eta 18an Afrikako iparraldean, Marokon, dagoen Atlas mendikatera joanen da, bi egunez hiru tontor igotzeko.

Joan den urtean elkarrizketatu zuen TTIPI-TTAPAk erratzuarra. Kontatu zuenez, «betitik» izan du mendirako afizioa baina azken urteotan haratago eraman du bere zaletasuna, eta Draveten sindromea ikusgai egiteko munduko mendirik adierazgarrienak igotzeko erronkarekin ari da buru-belarri. Hasieran hurbileko mendietan hasi zen Apoyo Dravet elkartearen bandera tontorretara eramaten eta 2019an mendi altuetan hasi zen, bere hitzetan, «horrek ematen duelako ikusgarritasuna».

2019ko uztailean Mont Blanc (Frantzia-Italia, Alpeak, 4.808 m) igo zuen eta  2020ko otsailean, Aconcaguara (Argentina, Andeak, 6.961 m) joan zen. Hirugarrena Kilimanjarora (Tanzania, 5.885 m) egitekoa zuen, baina Covid-19agatik Kilimanjarora joan ezinik gelditu zen. Horren partez, Pirinioetan bertze erronka handi bat egitea erabaki zuen eta Frantzia aldetik, Vignemalera (Frantzia-Espainia, 3.298 m) igo zen eta bertze aldetik jautsi. Eta biharamunean Anetora (Espainia, Pirinioak, 3.404 m) eta Maladetara (Espainia, Pirinioak, 3.312 m) joan zen. 2021ean, berriz, Alpeetan izan zen eta Monte Rosa (Suitza, Alpeak, 4.634 m) eta Cervino (Italia- Suitza, Alpeak, 4.778 m) igo zituen.

Aurten, berriz, Atlas mendikatea du begiz joa, eta uztailaren 17an eta 18an, bi egunez, Toubqal (4.167 m), Ras (4.083 m) eta Timezguida (4.089 m) igo nahi ditu. Hurrengo erronka Kilimanjaro (5.895 m) izanen du, Tanzanian. Horrekin heldu den urteko otsailean saiatu nahi du Iñarreak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun