0-3 ziklo duinaren aldeko manifestazio jendetsua izan da Elizondon larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 13a, 10:00

Marea horiak Elizondoko karrikak hartu zituen ekainaren 11n eta joaldunen, erraldoien, txarangaren eta gaiteroen laguntzarekin 0-3 Plataformaren aldarriak plazaratu zituzten. Kristina Goñik, Baztan Haur Eskolako zuzendariak, ondoko adierazpena leitu zuen herriko plazan. Argazkiak: Kristina Goñi eta Juan Mari Ondikol

41. eguna greban, baina borrokan? Borrokan, 17 urte luze daramazki 0-3 plataformak lanean. Zenbat bilera, batzar, dei, negar, besarkada... Zenbat lan eta zenbat dezepzio. Gure eguneroko lana, aldarrikapen eta ezinegonak ez direlako sekula gaur egun bezain presente egon.

Gogorra bezain hunkigarria izaten ari da: 41.greba egunean, oino, ez dugulako Nafar Gobernuaren partetik inolako akordio edota proposamenik. Duintasuna dugu aldarri: duintasuna haurrentzat, duintasuna langileentzat, eta beraz, duintasuna familientzat. Haurtzaroaren zaintza ez al da ba denon ardura?

60 haur eskola greban egonik, momentu historikoa da guretzat: orain edo inoiz ez. Inoiz baino elkartuago eta inoiz baino indartsuago gaude: Nafar hegoaldetik iparralderaino eta mendebaldetik ekialderaino. Aldarria aski garbia da: haurtzaroari kalitatea zor zaio eta horretarako, zaintza dugu ipar eta helburu. Haurtzaroa maite dugu eta gure lanean sinisten dugu, baina prekarietate egoeran lan egiteaz nazkatuta eta nekatuta gaude.

Horren aitzinean, bai familien eta baita herritarren berotasun, presentzia eta laguntza bihotzez eskertzen datzuegu: indarrez ahul gaudenean, hori ari baita izaten gure motorra. Jasotako elkartasun, borondate, animo mezu, indar eta laguntza keinu bakoitzarengatik... ESKERMILE.

Grebaren ezinegon, esfortzu, ezjakintasun, tristura eta buruhauste guztiek heldu den asteazkenean lehen fruituak ematea espero dugu: Nafar Gobernuak aurkeztuko digun proposamenak guttiengo duintasun baldintzak betez gero, prest baikaude greba bertan beheiti uzteko.

Bide eta borroka honetan gure ondoan zaudeten guztiei gure eskerrik beroenak: eskermile gaurkoan parte hartu duzuen joaldun, txaranga, Txoporro, gaitero familia eta herritarrei. Haurrek, langileek eta familiek zainduak izateko eskubidea duzuelako eta dugulako: HAUR ESKOLA DUINAK ORAIN!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun