Kristina Goñi Etxenike

«Haur Eskolen greba gogorra izaten ari da, baina borrokak merezi du»

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 10a, 11:30

40 egun pasatu dira Nafarroako Haur Eskolek greba hasi zutenetik, lan baldintza duinak eskatzeko, eskoletako ratioak jaisteko edo pertsonala bikoizteko, «benetako zainketa eta heziketa eman dezagun». Langileak aunitz mugitu dira, eta «aldaketa ikusten hasi garela» dio Kristina Goñik, Baztan Haur Eskolako zuzendariak. Bihar, ekainaren 11n, eskualdeko manifestazioa eginen dute Elizondon, 12:00etan plazatik abiatuta.

0-3 Plataformak hainbat mobilizazio, manifestazio eta ekimen egin ditu azken hilabeteetan eta orain greban zaudete. Aldaketarik nabaritu duzue?

Mugimendu handia izaten ari da, Haur Eskola aunitz gehitu dira eta guretako hori garrantzitsua da. Greba honen alderik onena gure elkartasuna izaten ari da; lehen bagenekien bertze eskolak hor zirela baina honek batu egin gaitu. Orain badakigu zer nahi dugun eta bide beretik goaz denok batera. Bertze aldetik, gizarteak gure arazoen berri du orain, lehen ez baikinen karriketara ateratzen gure egoera azaltzera eta manifestatzera.

Gobernua zuei aditzeko prest ikusten duzue?

Beti egon gara haiekin solastatzen; elkarrizketa, mahai eta batzar pila bat egin ditugu beraiekin eta jarrera aldaketa bat ikusten ari gara. Hasmentan ez zuten deus egiteko asmorik, baina orain proposamen zehatz bat ekartzea lortu dugu, heldu den asteazkenean, ekainaren 15ean, aurkeztuko digutena. Mantso mugitu dira, baina aldaketa sumatu dugu eta proposamenean gure aldarrikapenak betetzea espero dugu.

Errealistak gara eta badakigu den-denak ez ditugula berehala lortuko, baina bai keinu bat heldu den ikasturterako, 2022/2023koa. 2023tik aitzin bai, aurrekontuetan aldaketak izatea espero dugu. Poliki-poliki gure aldarrikapenak lortzen joatea espero dugu, ez dakigu zenbat kostatuko zaigun baina garrantzitsua da lehenbiziko pausua eman dutela.

«Grebaren alderik onena Haur Eskolen elkartasuna izaten ari da, bide beretik goaz denok batera»

Kristina GOÑI ETXENIKE, Baztan Haur Eskolako zuzendaria

Grebak bere fruituak eman ditu…

40 egunez egon gara greban. Hasmentan ez genuen uste hainbertze denboraz egonen ginenik, baina bigarren hilabetean sartu gara eta aitzinerat egiten ari garela ikusten dugu. Gainera, lehen sei-zazpi Haur Eskola ginen mugitzen ginenak, baina gaur egun 60 Haur Eskola gaude greban eta denetara 77 eskolak atxikimendua adierazi digute. Hori ere arras garrantzitsua da. Hasmentan eskola euskaldunak ginen mobilizatzen ginenak; eskualdekoak, Ultzamakaok, Iruñerrikoak… Erriberakoei beti kostatu zaie gehiago kanpora ateratzea, ez baitute ohiturarik, eta eskertzekoa da arras ausartak izan direlako eta izugarrizko lana egin dutelako.

Hala ere, langileendako gogorra izanen da, ez?

Bai, emozionalki eta fisikoki arras neketsua da greba, lana ere egin behar dugulako. Baztanen, adibidez, % 50ekoa da greba, Lesakan % 100ekoa, Beran % 50a hasi ziren baina igo dute, Leitzan maiatzeko eta ekaineko lehenbiziko astean egin dute greba, Ultzamakoek ortzegunetan hesten dute… Bakoitzak ahal duen moduan egin du eta denok nekatuak gaude.

Kristoren esfortzua izaten ari da eta ez da erraza, baina merezi du, orain delako gure momentua. Gogorra da ere haurrak eta familiak arras nahasiak daudelako, eta ez dute hori merezi. Gurekin zein ongi portatu diren eskertu nahiko nuke, beraiek gabe hau ez litzatekeelako posible izanen. Badakigu haiendako ere arras gogorra izaten ari dela.

Nolakoa izaten ari da negoziazioa Gobernuarekin?

Hasi ginelarik ez genuen inondik inora espero greba hainbertze luzatuko zenik. Asteazkenetan bilerak egin ditugu negoziazio-mahaian Udal Federazioarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin. 0-3 Plataformatik hamar lagun gaude; Berako bi eta Baztango bat. Hiru pertsona eskualdekoak izateak gogoa eta indarra badugula adierazten du eta garrantzitsua da.

Ez da erraza izan, lau bilera egin ditugu eta lehenbizikoan ez zuten proposamenik eta guk aurkeztu behar izan genuen. Bigarrenean hausnartu behar zutela erran ziguten, baina ez dagoela dirurik. Hirugarrenean gaia Parlamentura eraman beharko dela erran ziguten, aurrekontuak aldatu beharko direlako. Azkenekoan Ogasunaren Departamentuan gaia aurkeztuko dutela erran digute, dirua nondik aterako duten ikusteko. Heldu den astean proposamen zehatz bat izatea espero dugu, deialdia bertan behera uzteko arrazoi bat izateko.

Orain arte hitzak bertzerik ez dira izan eta ez dute deus egin, baina badakite zenbat mobilizazio egin ditugun eta familiak nola dauden. Haurrak etorkizuna dira, baina baita oraina ere, eta zaindu behar ditugu. Baina horretarako zaintzaileak ere zaindu behar dira. Eta dena diruarekin borobiltzen da, dirua behar da 0-3 zikloa duintzeko.

«Haurrak zaindu behar ditugu, baina horretarako zaintzaileak ere zaindu behar dira»

Kristina GOÑI ETXENIKE, Baztan Haur Eskolako zuzendaria

Zer prestatu duzue biharko?

Bihar mobilizazioa eginen dugu Elizondon. Eskualdeko eskolak izanen gara batez ere, baina Nafarroa osotik etorriko dira. Arras polita, indartsua eta sendoa izanen da. Iturengo joaldunek irekiko dute manifestazioa, eta plataformako kideak, eskolako langileak eta familiak bertan izanen gara. Elizondoko txarangak, erraldoiek eta gaiteroek giroa alaituko dute, eta sorpresaren bat ere izanen da. 12:00etan abiatuko da mobilizazioa plazatik, eta beheitiko karrikatik Ikastolaraino joanen gara. Gero karrika nagusitik zahar etxeraino joanen gara eta buelta eginen dugu plazara. Han bi komunikatu leituko ditugu, plataformaren eta gurasoen izenean, eta mobilizazio honetarako prestatu dugun abestia kantatuko dugu. Musikaria Berako aita bat da, bihar etorriko dena, eta kanta zoragarria denon artean abestuko dugu. Akitzeko, erraldoiek plazan dantzatuko dute.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Familia guziak eta ahal duten eskualdeko herritar guziak hurbiltzera animatu nahi dugu, haurtzaroa garrantzitsua delako eta zaindu behar delako. Gure eskualdean nolako indarra dugun erakutsi nahi dugu, marea horia inoiz baino indartsuagoa izan dadila. Elkarrekin lortuko dugu aldaketa, hau ez delako hezitzaileen eta eskolako langileen borroka bakarrik, denona baizik. Haurrek, familiek eta langileek duintasuna merezi dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun